Noches de verano abestia kaleratu du, diskoaren aurrerapena dena. Irailean kaleratuko du diskoa El Muerto Vivo Iñigo Muñoaren musika talde berriak. Ilusio handiarekin hartu du proiektua, eta hautsetatik berpiztu dela sentitzen du. Runba du oinarri.
El Muerto Vivo taldea sortu duzu. Nola sortu zen proiektua?
Kasualitatez sortu zen. Arbizuko lagun batek Peio Reparazi nire diskoak pasa zizkion eta asko gustatu zitzaizkion eta proiektu berri bat egiteko deitu zidan. Ekoizpenaz bera arduratuko zen eta Paxkal Etxeparek ere parte hartuko zuen. Etxeparek Vendettako hainbat disko grabatu ditu. Hiruron artean hasi ginen ilusio handiarekin proiektua garatzen. Bi urte iraun du sortze prozesuak, proiektuaren eman nahi genion forma zehazten eta gauzak nola izan behar ziren argi izateko. Azkenean, irailean kaleratuko dugu diskoa. Hamar abesti izanen ditu diskoak. Kontzertuekin ere irailean hasiko gara.
Momentuz abesti bat kaleratu duzue: Noches de verano. Taldearen ildoa markatzen du?
Ildoa betikoa da. Runba egiten dugu. Agian estiloa desberdina da. Izan ere, beste musikari batzuk dira, nire ahotsa ere pixka bat aldatu da... Baina, oinarrian runba dago. Runban sentitzen naiz erosoen. Hala ere, abesti geldoagoak eta beste estiloko batzuetakoak ere badaude diskoan.
Zer kontatzen du abestiak?
Barruan dauzkadan gauzak ateratzen ditut. Ez dut gai bat jartzen abesti bat egiteko. Esaldi batek beste batera eramaten nau eta horrela sortzen ditut. Abestiak nik idatzi ditut. Ekoizpen lanetan Peio Reparazek lagundu dit eta letra batzuk ere egin ditu. Baina esan daiteke abestiak nireak direla.
Bideoklipa ere sortu duzue. Nola deskribatuko zenuke?
Beti desberdina. Ttaun enpresarekin egin dugu eta oso gustura aritu gara. Tratua oso ona izan da. Lizarragabengoan grabatu genuen eta herriko jendeak parte hartu zuen. Arbizuko jendeak ere asko lagundu du. Beti bezala, ilusioz.
Taldearen izena kuriosoa da, nondik dator?
Gauza asko esango nituzke, baina laburbilduta 21 urterekin trenak harrapatu ninduen. Eta hortik etor daiteke. Peret runba egiten hasi zen, runba katalana delakoa, eta hortik ere hartzen du. Izena asko gustatzen zitzaidan, eta zergatik ez? Bizitza honetan batzuetan behean zaude, eta beste batzuetan goian. Eta aurrera segi behar da. Esaten duten moduan ateak itxi behar dituzu beste batzuk irekitzeko.
Sakanako runba sortu duzula esan daiteke?
Ez dakit hainbesterako den. Nork bere runba sortzen du. Bere egiteko formak ditu, abestiak sortzeko modua eta abesteko forma ere nork berea du. Norberaren sena eman behar zaio. Kopia bat bazara ez diozu inori ezer esango. Esango dute: hau bestea bezalakoa da. Saiatu behar dugu gure nortasuna ematen.
Zertan ezberdintzen da proiektu hau aurrekoetatik?
Proiektu hau profesionalagoa da. Denbora gehiago eraman dugu proiektua eta diskoa prestatzen, bi urte egon gara. Eta hori azkenean asko nabaritzen da. Agian norbaitek aste batean sekulako diskoa atera dezake, baina atzean dagoen lana nabaritzen da. Proiektu batean ari zarenean lan asko egin behar duzu gustura gelditzeko. Helburua bera da: musika egitea, jendeak zure musika ezagutzea eta ondo pasatzea. Nik nire lana daukat eta hau zaletasun bat da. Dirua ematen badu ongietorri, baina, momentuz, ondo pasatzeko egiten dut. Nik beti ilusioz hartzen ditut proiektuak. Gauza bat egiten dugunean ez badiogu ilusioa eta gogoa jartzen, ez dugu inoiz ezer eginen. Musikaren mundua egiten duzuna gustatzea da edo ez. Azkenean zuk zurea egiten duzu, eta kito.
Taldea nork osatzen duzue?
Proiektuan Peio Reparaz eta Paxkal Etxepare daude eta musikariak Jorgito (bateria), Iban (gitarra) eta Louse (baxua) dira. Ez nituen ezagutzen, proiekturako elkartu gara, eta oso ondo. Lagun artean gaude, entseguak egin ditugu eta ongi.