Altsasuko auziko zortzi auzipetuen defentsek epaiari apelazioak aurkeztu dizkiote eta beste epaiketa bat eskatzen dute. Jaione Carrera, Jose Luis Galan, Eva Gimbernat, Amaia Izko, Jaime Montero eta Manuel Olle Sese abokatuek uste dute, batetik, epaiketan auzipetuen eskubideen bermerik ez zela izan. Bestetik, diote proben balorazioan akatsa egin zuela epaimahaiak, epaiketan aurkeztutako probek, bideoak eta medikuek, forentseek eta lekukoek kontatutakoak kontuan hartu ez zituelako. Horri lotuta proba guztiak onartu ez izana ere salatzen dute abokatuek. Lau salatzaileek zortzi auzipetuak identifikatu zituztela-eta, abokatuek taldeko identifikazio-saioen kontra egin dute ere.
Azkenik, epaia epaiketarik izan ez balitz bezala idatzia dagoela diote abokatuek, aldez aurretik idatzia balego bezala. Akusatuak zigortzeko probarik ez dagoela eta salatzaileen lekukotzak besterik ez zituztela kontuan izan gaztigatu dute. Abokatuek gaineratu dute ezin direla gorrotozko eta nagusitasun-egoeraz abusatze larrigarriak aplikatu.
Espetxe aldaketa eskaera
Madrilgo espetxeetan preso dauden zazpi altsasuarrak garagarrilaren hasieran FIES fitxategietatik atera zituzten. Orain Iruñeko edo Zaballako kartzeletara leku-aldatzeko eskatu dute. Adurrek, Jokinek eta Oihanek 628 egun daramatzate preso. Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, azkenekoz atxilotu zituztenetik 60. 2016ko udazkenean beste 37 egun egon ziren preso.