Ospa-k herri, auzo eta hirietan errepresioaren kontra antolatzera deitu du

Guaixe 2018ko ira. 5a, 10:30

Festa-giroan errepresio-indarrak alde egiteko aldarrikapena zabaldu zuten.

Euskal Herrian diren polizia indar guztiei zuzendutako mezua zabaldu zuen Ospa mugimenduak larunbatean: “ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar”. Aldi berean, Ospako kideek jakiarazi zuten “hodei guztien azpitik, errepresio ororen gainetik” aurrera eginen dutela. Gaineratu zutenez, “aurrerapauso bat eman behar dugu, errepresioaren inguruan gogoeta sakonak egiteko”. Errepresioari “elkarrekin aurre egin” beharra nabarmendu zuten, “gure indarra kolektiboan eta elkartasunean baitago”. Antolatzeko beharra azpimarratu zuten, “imajinatu, ze nolako beldurra sortuko zenuketen boterean daudenen artean!”

Aldi berean, aitortu zutenez, “errepresioaren kontra jarduten dugunondako ez baitira garai onenak izan. Errepresio maila gogortu digute estatuek eta beraien indar errepresiboek”. Ziurtatu zutenez, “sistema esplotatzaile honek dakartzan zapalkuntzaren aurka altxatzeagatik erreprimitzen gaituzte”. Ospako kideen iritziz, “estatuak egungo sistema kapitalista bermatzeko aparatuak direnez, errepresioa funtsezko tresna dute. Ezinezkoa baita injustizia etengabe erreproduzitzen duen sistema errepresiorik gabe irautea”. Horregatik, “ezinezkoa izanen dugu errepresioarekin bukatu sistema berarekin amaitzeko bidea egiten hasten ez bagara”. Horretan ari direnak elkar babestera deitu zuten.

Larunbatean ziurtatu zutenez, “gure proiektu komunal eta kolektiboek ez dute lekurik kapitalismoan, ondasun pribatua, sistema beraren oinarria, kolokan jartzen baitute”. Estatuek “izaera errepresiboa” erakustearekin batera, “geroz eta bide estuagoa markatzen” ari direla nabarmendu zuten, “horren aurrean gure buruak babestea ezinbestekoa dugu. Alde Hemendik aldarrikatzea behar-beharrezkoa da”. Guardia Civilak alde egin behar duela azpimarratu zuten. Eta salatu zuten garilaz geroztik “Foruzaingoa Altsasuko kaleetan patruilatzen ibili da normaltasun osoz. Indar errepresiboen normalizazioaren kontra ekin behar dugu ere! Euskal Herri Langilearen etsaiak direlako!”

Azkenik, Ospako kideek ziurtatu zutenez, “erreprimitzen gaituztenekin bizikidetza faltsu bat inposatu nahi diguten arren, ez dutela lortuko! Justizia erreala baita elkarbizitzarako beharrezko baldintza eta sistema hau sufritzen dugunondako ez dago justiziarik”.

Jai giroan
Txarangak animatutako Ospa Eguneko kalejiraren akaberan esandakoak dira aurrekoak. “Mainamikirriren ilobak gara gu… eta erratzak prest ditugu! #Alde hemendik!” leloa zuen aurtengoa edizioak. Izan ere, antolatzaileek Altsasuko sorgina errepresioaren kontrako super-heroi bihurtu zuten eta, aldi berean, haren bidez Altsasun bizi izandako “sorgin-ehiza” salatu nahi izan zuten. Goizetik animazioa izan zen Altsasun. Zumalakarregi plazan egindako bazkarian 400 bat pertsonak bat egin zuten. Kalejiran 3.000 bat izan ziren. Plazako txozna eta gaztetxeko kontzertuekin ordu txikiak arte luzatu zen ospakizuna.