Hizketan

Luis Mari Lopez de Goikoetxeak piztuko du festei hasiera emanen dien etxajua

Guaixe 2018ko ira. 5a, 20:36

Legegintzaldiko azken festetako etxajua piztea Goazen Altsasuri tokatzen zitzaion. Taldeak Luis Mari Lopez de Goikoetxeari utziko dio ohore hori, "esku zabal herria egin zuten, egiten duten pertsonei omenaldi gisa". Virginia Alonso Aparicio zinegotziak azalpen gehiago eman dizkigu.

Legegintzaldiko azken festei hasiera ematea Goazen Altsasuri dagokio. Heldu den ostegun eguerdian etxajua zeinek piztuko zuen jakinarazteko taldeak prentsaurrekoa deitua zuen asteazken arratsalderako. Baina bezperan sare sozialen bidez zabaldu zen eta asteazkena azoka eguna izanik Luis Mari Lopez de Goikoetxeak altsasuarren makina bat zorion agur jaso zituen. Frankismo ondorengo aurreneko legegintzaldian Gerardo del Olmo alkateak proposamen bera egin zuen. Lopez de Goikoetxeak berak gogorarazi zuenez, orduan ezinezkoa izan zen, orain bai.

Goazen Altsasuko Virginia Alonso zinegotziak aitortu zuenez, “legegintzaldi eta urte gogorra izaten ari da. Ezezkotasun espiraletik atera eta altsasuar askoren positibotasuna eta eskuzabaltasuna nabarmendu nahi ditugu”. Horren eredu gisa urte hasierako elurtea jarri zuen. Zenbait hedabidek herriaz zabaldu duten irudiaren aurrean Goazen Altsasukoek “positiboan Altsasu garen pertsonak omendu nahi ditugu, eskuzabaltasunez herria egin duten, egiten eta eraikitzen duten pertsonak”. Alonsok gaineratu zuenez, “gure kulturaren eraikuntzan, mantentzean eta zabalkundean modu eskuzabalean lanean ari direnen ordezkari da  Luis Mari Lopez de Goikoetxea”.

Jose Luis Moran zinegotziak nabarmendu zuen Lopez de Goikoetxeak lau hamarkadaz zortzikoa irakasteaz arduratu dela. “Baina bestelako ohituren transmisioan ere aritu da: Errege Eguneko fara jotzea, zezensuzkoaren ardura, inauteriak, mendizaletasuna… eta ziur zerbait uzten dudala”. Moranek Lopez de Goikoetxearen egitekoa nabarmendu zuen: “ohiturak eta kultura berreskuratzea komunitatea sortzea da, herria egitea, partaide izatearen eta kolektibitate sentimendua sustatzea, elkarbizitza plurala eta anitza indartzea; ezin baitugu ahaztu toki guztietako jendez osatutako herria  garela, eta horrek handi egiten gaitu”.