Altsasuko mugimendu feministak eta Altsasuko Udalak festetako sexu erasoen kontrako protokoloa duela bi urte jarri zuten martxan. Aldi berean, bi eragile horietako eta herri mugimenduko kideez osatutako sexu erasoen kontrako mahaia osatu zen. Mugimendu feministako kide Itziar Perez Argomanizek jakinarazi zuenez, herri mugimenduarekin eta gazte asanbladarekin adostutako neurriak jaso dituzte protokolo berrituan, Altsasuko festa eremua “emakumeendako seguruagoa izanen dela bermatu nahi dugulako”.
Bi neurri gehitu zaizkio protokoloari. Alde batetik, “sexu erasoren bat pairatu edo ikusi dutenek” salaketa telefonora hots egiteko aukera izanen dute, 602 457 947 zenbakira, 24 orduz piztuta izanen dena. Altsasuko Mugimendu Feministak kudeatuko du. Perezek azaldu zuenez, “gertatzen diren horien kontaketa eta salaketa publikoa oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Helburua, eraso sexistei erantzun sozial eta politikoa ematea da. Aldi berean, emakumeari babesa, laguntza eta orientazioa emateko baliagarria izanen da”. Bestetik, festetan informazio puntua izanen da Gure Etxea eraikinaren beheko solairuan, 20:00etatik aurrera.
Deia
Altsasuko mugimendu feministako kideek eskatu dute “gainontzeko eremuetan: tabernetan, elkarteetan eta kaleetan… erasoen aurkako jarrera erakutsi dezazuen, bai Altsasuko gizarte erakunde guztioi, baita altsasuarroi ere”. Perezek gaineratu zuenez, “badakigu, sistema matxista eta heteropatriarkal baten pean bizi garen heinean, emakumeok egunero jasaten ditugula eraso sexistak. Eta festak ez dira salbuespena. Hain zuzen ere, jendartearen isla gordina dira, non botere harremanak eta gizartearen jarrerak birproduzitzen diren”.
Hala ere, “eraso gisa ezagutzen ditugun egoera sexistak, beste askoren ondorio dira. Festetan ere, emakumeok behin eta berriro gure espazioa aldarrikatu beharrean egoten gara: taberna batean egoteko, edozein lekutan eta edozein pertsonarekin, edo kontzertu bat lehendabiziko lerroetan ikusi ahal izateko. Zer esanik ez oholtzaren gainean ematen zaigun tokia”.
Mugimendu feministatik aldaketarako deia egin zuten: “festetan, tradizioz beteriko ospakizuna, nabarmena da sexu lan banaketa. Adibide bakar batekin ikusi dezakegu: nork garbitzen du arropa txuria?” Egoera eraldatzeko deia egin zuten: “festak eraldatzaileak izan daitezke, nola izan daitezkeen eraldatzaileak pentsatzen badugu. Jarri dezagun pertsona guztien plazera erdigunean, parekidetasunez, indarkeria baztertuz”.
Sexu erasorik gabeko festak
Horixe aldarrikatuko dute udalak eta mugimendu feministak festetarako prestatu duten kanpainan. Arantza Bengoetxea berdintasun zinegotziak azaldu zuenez, “herritarren sentsibilizazioa landu” nahi izan dute. Horregatik, festetako egitarauan kartela jarri dute, festetarako esku gorriak banatuko dira eta festa-guneetan esku gorriak jarriko dira. Aldi berean, larunbatean gazteei zuzendutako bi tailer izan ziren. Batetik, neskendako autodefentsa feminista eta, bestetik, mutilendako “gizontasunetik festetara” izena duena. "Argi dagoelako sexu erasoen aurrean emakumezkoen eta gizonezkoen erantzukizuna desberdina dela”.
Bengoetxeak nabarmendu zuenez, mugimendu feministaren ekimenak “protokoloa indartu egin du” eta horregatik zoriondu zituen: “ziur naiz aurten emanen den aurrerapausoa egonkorra bilakatuko dela eta udalaren eta mugimendu feministaren koordinazioari esker, horrela lortuko dugu sexu erasoak jasaten dituzten emakumezkoek behar duten arreta izatea”.
Bilakaera
2016an festa gunetan prebentzioa lantzeko eta erasoen aurrean zer egin lantzeko gida egin zen. Hura lantzeko udalak prestakuntza eskaini zuen. Mugimendu feministaren, herri mugimenduare eta udaleko batzordearen elkarlanaren fruitu izan zen gida. Han, batez ere festa eremuetan eraso bat izanez gero zer egin jasotzen da.
2017an Altsasuko udalaren zeregina gaineratu zitzaion gidari eta Nafarroako protokoloarekin koordinatu zen, hala, Altsasuko Sexu Erasoen Kontrako Protokoloa sortuz. Sexu erasoen inguruko prebentzio eta ekintza-gida da.