Altsasuko auziagatik preso dauden zazpi espetxeratuak Iruñeko edo Zaballako kartzeletara lekualdatzeko eskatu zuten. Agorrilaren 24ean hurbildu zituzten Jon Ander eta Julen (Soto del Realdik Zaballara). Joan den ostiral eguerdian Aratz (Soto del Realdik Zaballara) eta Adur (Aranjuezdik Iruñera) hurbildu zituzten. Azken horrek senideei jakinarazi zienez, eskuburdinak jantzita eta beste preso batekin batera espazio murritz batean sartuta lekualdatu zuten. Iñaki eta Oihan gaurko ekartzea espero dute, Iruñera eta Zaballara hurrenez hurren. Auzipetuetako zazpi presoetatik Jokin da Madrilgo espetxe batean gelditzen den bakarra (Estremeratik Iruñera lekualdatuko lukete).
Espetxetik espetxerako kondukzioa, jakinarazi zaienetik aste bateko epean egin dute. Lehenik zeuden espetxeko sartze modulura eraman zituzten. Halako moduluetan hainbat arrazoirengatik atera edo sartu behar duten presoak egoten dira. Guardia Civilaren autobus berezietan egiten da batetik besterako leku-aldatzea.
Altsasuko Gurasoek agorrilaren 17an azaldu zutenez, “urtebete eta 9 hilabeteren ondoren aurreneko albiste ona da lekualdaketarena. Nahiz eta guk Altsasukoak aske aldarrikatzen segituko dugun”. Horregatik, borrokan segituko dute.
Adurrek, Jokinek eta Oihanek 663 egun egin dituzte preso gaur. Garagarrilean utzi zioten FIES izateari, egotzitako delituagatik jarraipen bereziko preso izateari. Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen Soto del Realgo espetxean daude garilaren 5ean atxilotu zituztenetik. Gaur 95 egun egin dituzte preso. 2016ko udazkenean beste 37 egun egon ziren preso.
Asteburura arteko datuak
39.700 km eginak.
5.600 km astero
90.000 euroko kostua.