Hizketan

Gertu, baina ez aske

Guaixe 2018ko ira. 10a, 12:18

Altsasuko auziagatik preso dauden zazpiak Iruñeko eta Zaballako kartzeletan daude dagoeneko. Altsasuko Gurasoek behin-behineko espetxealdia bertan behera uztea eta aske uztea eskatu dute.

Iñaki, Oihan eta Jokin Madrilgo espetxeetatik Euskal Herrikoetara ekarri zituzten ostiralean. Azken horren lekualdaketaren berri beste preso baten bidez jakin zuen familiak. Arabako Zaballa espetxean Aratz, Jon Ander, Julen, Oihan eta Jokin daude eta Iruñekoan, berriz, Adur eta Iñaki. Jokinek Iruñekora lekualdatzea eskatu zuen, baina Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren “administrazio akats” batengatik Zaballan dago. Adurrek, Jokinek eta Oihanek urte bat eta bederatzi hilabete egin dituzte urrunduta; Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, lau hilabete.

Altsasuko Gurasoek adierazi dute “pozik” daudela semeak gertu dituztelako, baina “oso garbi” dute “etxean aske” egon beharko luketela. Hori lortzeko “hemendik aurrera indarra eta ahaleginak” horretara bideratuko dituzte. Atzera ere, Altsasuko Gurasoek azpimarratu zutenez, “gure indarra eta ahaleginak gure semeen askatasuna lortzearen alde daude. Behin-behineko espetxeratzea kautelazko neurriaren erabilera maltzurra da, beste zigor bat gehitzen da”. Semeak preso mantentzea “neurrigabetasun izugarritzat” eta “bidegabekeriatzat” jo zuten, “proportzionaltasunik gabeko justizia ez da justua”. Epai irmorik ez dagoela gaztigatu zuten eta preso mantentzeak “prozesuaren alde mendekaria erakusten” duela nabarmendu zuten.

Urruntzeaz eta sakabanaketaz adierazi zuten “errealitate mingarri, arriskutsu eta izugarria” pairatu dutela. Espetxeetako Lege Orokorrean jasotakoa gogora ekarri zuten, “presoak, posible den guztietan, beren bizilekuetatik gertu dauden espetxeetan egon behar dira”. Urruntzearena Euskal Herriko familia askoren errealitatea dela ere gogoratu zuten.

Deia
Auzipetuen gurasoek gogorarazi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak defentsen, fiskaltzaren eta akusazioen helegiteen inguruan ebatziko duenaren zain daudela. Baina jakinarazi zutenez, “askatasuna lortu arte” Espainiako Auzitegi Gorenera, Espainiako Konstituzio-Auzitegira eta Estrasburgoko Giza-eskubideen Auzitegira jotzeko asmoa dutela. Jendarteri ohartarazi nahi izan ziotenez, “etorkizunean agian beste mobilizazio bat eginen dugu”. Altsasuko Gurasoek eskertu egin zuten Euskal Herritik, Kataluniatik eta penintsulako beste herrietatik udan jasotako elkartasuna, “ ez gaudela bakarrik gogora ekartzen digu”.

Iñaki
Iñakiren lekualdatzea ostiralean hasi zen eta horren aitzakiarekin Iñakiren familiari hura bisitatzeko eta aurrez aurreko bisita egiteko eskubidea ukatu zitzaion. Ostiralean iritsi zen Iruñera eta familiari ez zioten bisita egiten utzi eta asteburuan ere ezin izanen zutela esan zieten. Azkenean, lortu zuten. Bestela, bisitarik gabeko hiru aste izango ziren. Altsasuko Gurasoek kartzelek duten “arbitrariotasuna” salatu zuten.