Txupinazo aurreratua

Guaixe 2018ko ira. 13a, 10:02

Iñakiri elkartasuna adieraztera joandako altsasuarrak. Argazkia: @AltsasuGurasoak

Festetan ere auzipetuen askatasuna aldarrikatzeko egitaraua prestatu dute.

Altsasuko festetako txupinazoa atzo arratsaldera aurreratu zuten hainbat herritarrek eta Iruñeko kartzelaren kanpoko aldean bota zuten. Hala, gaurtik aurrera herrian nagusi izanen den festa giroaren zati bat eraman nahi izan zioten Altsasuko auziagatik preso dagoen Iñakiri (azterketengatik Adur lekualdatu dute). Etxajuak, txaranga eta beste izan ziren elkartasuna azaltzeko.

Baina Altsasuko festetan ere auzipetuen askatasuna aldarrikatzeko egitaraua prestatu dute. Bi ekitaldi nabarmentzen dira egitarau horretan. Alde batetik, Elias Taño muralgile kanariarra Altsasun lanean izanen dela. Valentzian Altsasuko auzipetuen askatasuna aldarrikatzeko murala egin zuen eta garbiketa enpresak borratu egin zuen. Ondoren beste pareta batean egin zuen eta gainetik margotu zuten.  Bihar bere lana Altsasun eginen du. Bestetik, etzi kantu-kantari ariko dira auzipetuen askatasuna aldarrikatzeko.

Egitaraua
Irailak 13, osteguna
21:15ean Bajadikaren ondoren, Tximeletarekin batera Aurrera Altsasu abestia kantatzea.

Irailak 14, ostirala
09:00etan Elias Tañorekin mural margotzea, Iortia plazan.
12:30ean Auzatea Elias Tañorekin.
13:00etan Kontzentrazioa, Iortia plazan.
13:30ean Aurkezpena eta esker ematea.

Irailak 15, larunbata
12:00etan Kantuz kantu Altsasukoak aske herri ekimena, Zumalakarregi plazatik abiatuta.
13:30ean Ekitaldia, Foru plazan.