1. Eskultura zaharberritzen boluntarioa zara, zergatik?
Informazioa Facebook-etik iritsi zitzaidan. Oso interesgarria irudit zitzaidan. Alde batetik, gure herriko ondare kulturala eta memoria delako, eta, beste alde batetik, ondarea mantentzeko eta zaintzeko adibide izan daitekelako. Artista bezala artisten lanak zaindu behar ditugula uste dut. Kaleko eserleku bat zaintzen den bezala. Badirudi zerbitzu bat ematen duena bakarrik zaindu behar dela. Eta ahaztu egiten zaigu edertasunaren zerbitzua, begiratzearen zerbitzua.
2. Altsasuko irudia edo sinboloa da. Berezia izaten ari da zaharberritzea?
Haurrak ginela plazan zegoen zuhaitzan askotan jolasten genuen. Altsasuarrendako zuhaitz hori garrantzitsua zen eta da bere bizitzan. Bertan elkartzen zen jendea, ligatzen zutela kontatzen dute eta nik zulo batean gauzak gordetzen nituen. Eta, egia esan, zuhaitzak ez dira betirako, hiltzen dira. Baina nahiz eta hil garrantzia handia izaten jarraitu zuen zuhaitzak; izan ere, haren egurrarekin eskultura bat egitea erabaki zuten. Orduan, zaharberritze prozesu honetan geruzak kentzen eta garbitzen ari garela guztiok ditugun geruzak kentzen ari naizela iruditzen zait. Hau da, metafora bat egiten dut. Gainera, kentzen dudan bitartean beste gauza batzuk estalgabetzen dira. Eta lotura berezia sortu zen, bai. Zuhaitzak eskertzen zuela zirudien. Nik eskultura ikasi nuen eta hain gertu egotean konturatu naiz eskultoreak egin duen lanaz, nola gidatu duen tresna eta gehiago estimatzen duzu. Prozesu osoa ikusten da, aurpegi bakoitza, zimurdura bakoitza eta nola sortu dituen figurak. Zuhaitzaren zati bakoitza figura horretarako zela dirudi. Altsasukoak Aske-ren kultur ekimenean parte hartu nuenean ere zuhaitza margotu nuen jakin gabe gero zaharberritzean parte hartuko nuela. Herriko zerbait dela sentitzen duzu. Gure sustraiak balira bezala.
3. Zer lan egin duzu?
Urte hauetan linazi-olioa bota dute aurretik egurra lixatu gabe. Ondorioz, beltzez tindatu zen eta olio horretan hautsa eta zomorroak itsasita gelditu ziren. Gainera, dena laua bihurtu da, ez da zizelkatze lanaren kalitatea ikusten. Beraz, lehenengo urratsa disolbatzaile indartsu batekin garbitzea izan da. Eta gero bisturi batekin koipe guztia kendu dugu. Koldo Arnanz eta biok aritu gara Elur Uribarrena artistaren alabaren gidaritzapean. Abuztuaren erdialdean hasi ginen eta irailaren 10ean lehenengo fasea amaitu genuen. Finkatzeko produktu bat eman genion eta gero estali genuen. Hurrengo urratsa leku itxi batera eramatea da. Banekien horrelako lanak egingo genituela, baina ez nekien zer produktuak edo tresnak erabili. Bisturi batekin egiteak harritu ninduen.
4. Aurretik zaharberritze lanak egin dituzu?
Artelan bateko zaharberritze lanak ez ditut egin. Baina auzolaneko lanak bai. Identifikatuago sentitzen naiz horrelako lanekin. Zaharberritze honetan lan egiteko ez zen beharrezkoa aurretik inolako ezagutzarik izatea. Sentsibilitatea eta pazientzia behar dira.
5. Eskultura zaharberritzea beharrezkoa zen, ez?
Eskultura kanpoaldean dago, kalean, eta intxaurrondo baten egurra da, hau da, ez da haritza bezain indartsua. Gainera, porlanezko oinarri batean dagoenez, euri ur guztia filtratu da eta barrutik guztiz desegin da. Kalean egiten diren eskulturak metalezkoak edo harrizkoak izan ohi dira. Zaharberritu ondoren zerbait ez bada egiten hori izango da berriz bere etorkizuna. Beste aukera bat da leku itxi batera eramatea eta plazan erreplika bat jarri. Baina ez zen berdina izango, badakit. Guk orain zaharberritzen ikasi dugula, zaindu dezakegu. Baina prest daude?
6. Artista zara, zer sentitzen zenuen egoera horretan ikusten zenuenean?
Uste nuen okerrago zegoela. Altsasuko auziarekiko paralelismoa egiten dut. Zikinkeria asko bota dute herriaren eta gazteen gainean eta orain geruzak kentzen ari direla egia ikusten ari da. Eskulturarekin berdina gertatu da. Lehen ez genituen figurak ikusten eta zikinkeria kentzean ikusi ahal ditut argi eta garbi. Honekin ere konturatzen zara pertsonak hil behar direla. Artelanak bizirauteko egin ohi dira, baina ez du zertan. Arte garaikidean kontzienteagoak dira, eta orain arte egiteko aukera asko daude. Niri kezkatzen ninduena zen txikitan izan nuen zuhaitzarekiko lotura horirek. Eskultura egin zutenean lotura hori galdu nuen. Eta orain zaharberritzean sentitu nuen lotura hori. Zuhaitzarekiko lotura. Eraldatuta dago, baina gauzak eraldatzea ere polita da. Lehen zuhaitzarekin jolasten nuen eta orain begiratzen dut.
7. Zer da eskulturatik gehien gustatzen zaizuna?
Iparraldeko aldean dagoen zizelkatua. Kasualitatez zuhaitza zegoenean gauzak sartzen nituen zulo horretan dagoe zizelkatuta. Eta emakume baten irudia dago hor. Emakume horrek feminitatea sinbolizatzen du eta espresio gehien duena da. Oso integratuta dago eta begiratzen duzuenean begiratzen dagoela dirudi. Baina zati hori iparraldera begira dago eta asko sufritu du.
8. Zenbat gelditzen da?
Dena ongi badoa eta mugitzean apurtzen ez bada azarora arte arituko gara lanean. Leku itxi batean egingo dugunez ez dago eguraldi txarraren eragozpenik eta azkarrago joan gaitezke. Orain finkatzeko produktua ongi hartzea behar dugu eta estruktura gogor bat sortu. Apurtutako zatiak ere egingo dira. Ondoren, koloreekin margotuko dugu. Oinarrizko koloreak dira. Koloreek seriotasuna kentzen diote eskulturari.
9. Nola uztartu dituzue zaharberritze lanak eta zuen lanak?
Koldo goizetan zegoen eta ni Elurrekin goizez eta arratsaldez egoten nintzen oporrak zirelako. Orain bakarrik arratsaldez. Oso gustura nengoen, ez nuen lanera itzuli nahi.
10. Esan duzu eskultura kenduko duzuela, nola hartuko du jendeak?
Nik uste jendeak pentsatuko duela ez dela itzuliko. Batzuek pentsatu dute hobe dela horrela, eskulturarik gabe, eta beste batzuek esango dute ea zertan ari garen eskultura kentzen.
11. Etorkizunerako zer?
Eskultura bat kalean jartzen denean jakin behar da gero zaintze eta mantendu lanak egin behar direla alde guztietatik. Ez da bakarrik administrazioaren kontua, ezta herritarrena ere. Denena da. Paper bat lurrera botatzen ez dugun bezala, eskultura zaindu behar dugula ere badakigu. Oraingoan klimatologiaren kontua izan da, baina hori ere kontuan hartu behar da eskultura jarri aurretik.