Ikasturte berezia Txantxari ludotekan

Guaixe 2018ko ira. 21a, 11:01

Udal zerbitzuak aurten 25 urte bete ditu eta ikasturtean nolabait ospatuko dute.

Txantxari udal ludotekan iraila sakoneko garbiketa eta konponketak egiteko eta bestelakoetarako hartzen dute. Baina urteko gainontzeko hilabeteetan 0 eta 12 urte arteko haurrez betetzen da Garbitoki eraikineko lehen solairua. Han dago 1993ko garagarrilaren 12an mustu zenetik. Urte bat geroago hasi zen lanean bertan Joxepi Marquinez Arakama ludotekaria.

Aurtengoa ikasturte berezia da, ezta?
Bai. Aurten 25 urte betetzen ditu ludotekak eta, berez, ikasturte hasiera hau berezia da.

Espazio handia hartzen du ludotekak. Solairu osoa?
Bai. Berrikuntza nahi dugu eta borrokatzen ari gara solairu osoa izateko. Ondoan epaitegia dago. Aldaketak egonen dira, suposatzen dut.

Baina zer da ludoteka bat?
Espazio bat da. Eta bertan, bereziki, jolastu egiten da. Jolasak zer ekartzen du? Haur eta helduen garapenerako aukera bat. Bertan ikasi daiteke. Ongi pasatzeko aukera dago eta ludoteka harremanak egiteko aukera polita ere bada.

Harremanak egiteko. Altsasuar guztiei zabalik, ezta?
Hori da. Hemen denak elkartzen gara. Nahi duenarendako irekita dago. 0 eta 12 urte bitarteko haurrei eta familiei eskaintza handia egiten zaie ludotekan.

Haiendako udal zerbitzu bat da, ezta?
Hori da. Hasieran 4 eta 12 urte bitarteko haurrei eskaintzen zitzaien. Baina gizartearen aldaketarekin eta gurasoen eskaeragatik 0 eta 3 urteko umeendako saio bat zabaldu zen. Saio berezia da, familiari eskaintzen zaie. Saio horietan helduak ere sartzen dira. Eskaera gero eta handiagoa izan da, eta aurten hiru saio eskaintzen ditugu astean (astelehenetan 18:30etik 20:00etara eta asteazkenetan eta ostiraletan, 17:30etik 19:00etara).

Udal zerbitzua izanda, udalaren beste zerbitzuekin koordinatuta egonen da ludoteka, ezta?
Bai. Kultura eta Gazteria sailekin gauzak elkarrekin egiten ditugu. Beste zerbitzuekin harremanak bai edo bai izan behar ditugu.

25 urtetan ludotekan aldaketak izan dira?
Bai. Lehen aipatu dudan hori, bizi pertsonala eta lana bateragarri egiteko neurri gisa. Haurrak aldatu dira, baina ludotekan ez gara teknologiarekin sartu. Espazio honetan beste aukera batzuk ematen diegu: kooperazio-jolasak, eskulanak… Gaurko gizartean haurrak teknologiarekin kokatuta daude. Berez ez gara horretan sartu. Ez du esan nahi agian etorkizunean, agian txokoren batean, jarriko ez dugunik. Baina, beno, dena den ongi funtzionatzen du. Etortzen dira eta ongi pasatzen dute. Agian beste aukera bat da, ez.

Ikasturtea lastailean hasi eta garagarrilean despeditzen bada ere, ludotekaren jardunak ez du etenik.
Hori da. Ludotekak Aisiaz Blai programa kudeatzen du. Haurrek oporrak dituztenean eskaintzen da. Ludoteka ordutegi bereziarekin irekitzen da. Bateragarritasunagatik egiten da. Eguberrietan, Aste Santuan, garagarrileko azken astean eta garilean eta agorrilean. Iraila izan ezik. Iraila ludoteka berritzeko, konpontzeko erabiltzen da. Lastailean zabaltzen da eta oso martxa azkarra hartzen du.

Erabiltzaileek, bai haurrek bai gurasoek, nola hartzen dute ludoteka?
Hona etortzen direnak gustura daude eta jarraitzen dute. Nik gurasoei beti esaten diet: hona etorri behar dira eta ongi pasa behar dute. Aisialdia da eta aisialdian guk aukeratzen dugu egin nahi duguna. Berez, etortzen dena eta jarraitzen duena, ongi dago. Bestela ez litzateke bueltatuko.

Ikasturtea bertan dago. Nolako eskaintza duzue aurten?
Adin desberdinendako hainbat aukera dauzkagu astelehenetik ostiralera. 4 eta 7 urte bitarteko taldea  astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan 17:00etatik 18:30era izanen dute aukera. Asteazkenetan, berriz, 16:00etatik 17:30era. (Astean behin joanda, 25,5 euro, bitan 48 eta hirutan 61). 8 eta 12 urte bitartekoendako asteartean eta ostegunean 18:30etik 20:00etara eta ostiraletan 16:00etatik 17:30era (5 euroko kuota bakarra). Eta gero familiendako saioak daude, heldu batek lagundutako 0 eta 3 urteko haurrendako, lehen aipatu ditugunak. Aurten aldaketak batez ere asteazken eta ostiraletan izan dira, 0-3 saio horiek egokituz. Lehen 17:00etan zen eta ordu horretan jende gutxiago etortzen zela nabari zen. Aurten aldatu dugu, ea zer erantzun dagoen (doako sarrera).

Izen ematea zabalik dago?
Bihar, osteguna, zabalduko da, eta 28ra arte eman daiteke izena. 012 doako telefonora hots egin behar da, izena eman eta bertan ordaintzen da. Familia bereko bi partaide edo gehiago baldin badaude, bakoitzeko 3 euroko deskontua dute.

Eta zenbatek ematen dute izena?
Urteak daude. Aurreko ikasturtean jende asko pasa zen, izen ematea ia 130 izan zen. Eta gero 0 eta 3 urte arteko saioetako sarrera librea da eta saioak bete-beterik egoten dira. Astelehenekoak batez ere.

Eta eguraldi txarra badago, gehiago.
Hori da. Eguraldi txarra eta negu gorria bada, gehiago.

Bakarren batek zalantzarik badu, harremanetarako biderik?
948 467 471 telefono zenbakia edo ludoteka@altsasu.net e-posta helbidea.


Duela 25 urte
Altsasuko Udaleko Hezkuntza Batzordean urte bateko lanketaren ondoren zabaldu zen ludoteka. Lourdes Lopez de Mendiguren (Altsasuko Taldea) zen batzordeko burua. Batzordearen ekimenak altsasuarren eskaera bati erantzun zion: haur eta gazteendako aisialdirako aukera gutxi zeuden. 500 metro karratu pasako egoitza egokitzeko udalak 3 milioi pezeta (18.030, 36 euro) jarri zituen. Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate Zerbitzuak, Vianako Printzea erakundeak eta Hizkuntza Politikak ere diru-laguntza eman zuten. Azken horrek ludoteka elebiduna zelako. Ludoteka larunbatez mustu bazuten ere, bezperan haurrendako festa izan zen Foru plazan. Jolasak eta txokolate-jana izan ziren.

Pilar Vicente izan zen ludoteka arduraduna. Animatzaile soziokulturala zen bera eta harekin aritzen zen boluntario gazteen taldeak ere ludotekaren egokitzapenean lan egin zuen. Ludotekaren martxan boluntarioki ariko ziren gazteen beharra ikusten zen. Baina aurreikusia zuten 16 eta 18 urte arteko gazteak begirale gisa trebatzea. Ludotekak, hasiera hartan, 5 eta 14 urte bitarteko haurrak eta gaztetxoak hartzen zituen, asteartetik larunbatera. Asteazkenak haur euskaldunendako ziren. Gainontzeko egunetan adinaren arabera banatutako bi talde izaten ziren.