“Ihes egiteko arrisku nabarmena” zegoelako, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioko agindua bete eta garagarrilaren 5ean Guardia Civilak Altsasuko auziagatik epaitutako Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen atxilotu zituen. Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak Espainiako Gobernuari Guardia Civilaren egun hartako dispositiboaz eta jarritako isun kopuruaz galdetu zion. Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, operatiboan Informazio Zerbitzuko, Ekintza Azkarreko Taldeko eta Komandantziako Hiritar Segurtasuneko Unitateko 88 agentek parte hartu zuten. Guztiak 27 ibilgailuetan joan ziren Altsasura.
Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, atxiloketak 08:30ak eta 09:30ak artean izan ziren. Lau altsasuar atxilotuak, lehenik Iruñeko Guardia Civilaren komandantziara eraman zituzten eta gero Espainiako Auzitegi Nazionalera, 16:15ean iritsiz. Gobernuak gaineratu duenez, operatiboa egin zen egunean Guardia Civilak ez zuen inolako isunik jarri.
Azken lau atxilotuek gaur 111 egun egin dituzte preso. Adurrek, Jokinek eta Oihanek, berriz, 680.