Hasteko, osasun-pasiak

Guaixe 2018ko urr. 9a, 08:47
Altsasuko osasun etxea.

Ariketa fisikoa sustatzeko udalak eta osasun etxeak sinatu duten akordioan garatuko den aurreneko puntua da.

Ariketa fisikorako eta osasunerako Altsasuko programa. Udalak eta osasun etxeak programa hori garatzeko esparru-akordioa sinatu dute. Osasuntsu egon edo gaixo kronikoa izan, altsasuar guztiei zuzendutako programa da. Horren aurreneko jarduera osasun-pasiak izanen dira. Adostutakoaren arabera, medikuak izanen dira altsasuarrei osasun-pasiak egitea aginduko dietenak, haren jarraipena eta ondorengo ebaluazioa eginen dutenak. Altsasuko Udaleko Kirol Sailak eta beharrezkoak diren gainerako udal langileek, berriz, antolatuko dute pasia eta haren berri zabalduko dute.

Sara Salazar kirol teknikariak azaldu digunez, “pasieran ibiltzeko, herrian barna eta herri-inguruan, hainbat ibilbide zehaztuko ditugu. Horien guztien datuak (luzera, beharrezko denbora…) liburuxka batean jasoko dugu. Eta hori izanen da medikuak kontsultan izanen duena eta, gaixoaren arabera, ibilaldi bat edo beste egitea aholkatuko dio”. Kirol teknikariak azaldu digunez, osasunerako onak diren ibilbide horien berri emanez panelak jartzeko asmoa dute. Salazarrek azaldu digunez, Altsasukoa Sakanako proiektu pilotua izanen da, gero beste herrietara zabalduko dena, Bertan, Zahartze Aktiborako Estrategiaren zati baita.

Kirol teknikariak gogorarazi duenez, ez da udalak osasun etxearekin elkarlanean antolatutako aurreneko jarduera. “Gaixo kronikoendako ariketa saioak daude. Begiraleak programa berezi bat garatzen du. Duela bi urte dago. Bestetik, haurren loditasunari aurre egiteko pediatrarekin elkarlanean ari gara, propio prestatutako saioak astelehenero eta asteazkenero dira, 17:00etan”. Esparru-akordioa izanik, etorkizunean egin daitezkeen elkarlan gehiagoren oinarria izan daitekeela gaztigatu du Javier Ollo Martinez alkateak. Bi erakundeek esparru-akordioan jasotakoa betetzen eta egoki garatzen den aztertzeko jarraipen batzordea sortu dute.

Erlazionatuak