Sexu erasoen kontrako festetako protokoloan aurrerapausoa eman da

Guaixe 2018ko urr. 7a, 13:22
Gure Etxea eraikinean festetan jarritako informazio puntu moreab boluntarioak txandaka aritu ziren.

Altsasuko mugimendu feministak balorazio hori egin du salaketa telefonoaz eta zabaldu zuten informazio puntu moreaz

Altsasuko festetako sexu erasoen kontrako protokoloko aurtengo berritasuna Gure Etxea eraikineko beheko partean egon zen informazio puntu morea izan zen. Horrekin batera, festetan egunero 24 orduz martxan izan zen salaketa telefonoa. Hori guztia Altsasuko mugimendu feministaren ekimenez egin zen, Altsasuko festa eremua “emakumeendako seguruagoa izanen dela bermatzeko”. Festak pasata, baloraziorako txanda iritsi da.

Mugimendu feministako kideek, lehenengo eta behin gogorarazi dute festen aurretik sexu erasoen kontrako prebentzio lana egin zela. Bi prestakuntza saio izan ziren: maskulinitate eta autodefentsa tailerrak. Azken horretan, “neska talde polita elkartu zen, autodefentsa feministan lan egiten jarraitzeko gogoz”. Bi tailerretan izandako parte-hartzearekin “pozik daudela gaztigatu dute mugimendutik.

Gune morea
Sexu erasoak pairatu zutenei, edo ikusi zutenei, horren berri emateko bi bide eskaini zizkieten festetan mugimendu feministatik. Gertatzen denaren berri jaso nahi izan zuten, beharrezko salaketa publikoa egin eta erantzun soziala eta politikoa” eman asmoz. Festetan, 20:00etatik aurrera, Gure Etxea eraikineko beheko aldean gune morea zabaldu zuten. Ordu asko zirenez, mugimendu feministaren inguruan dabiltzan nesken artean deialdia egin eta “sekulako erantzuna” jaso zuten, “jende pila hurbildu zen eta boluntario horiekin guztiekin oso eskertuta gaude”. Puntu morera jende askok jo zuela azaldu dute mugimendutik, “nahiz eta askok salmenta puntua zela pentsatu. Hala ere, plazan egotearekin, prebentzioa lantzen ari zen, ikusgarritasuna bultzatu genuen”.

Telefonoari dagokionez, “kanpaina handia egin genuen eta erasoak salatzeko erabili bazen ere, lehen urtea da martxan dagoela eta badakigu oraindik lana dugula aurretik, oraindik ez baitira eraso guztiak salatzen, oraindik ere jasaten ditugu… Baina ez ditugu publikoki salatzen edo erantzuten, ez dugu erantzuteko ohitura hori bereganatu oraindik. Baina bidean gaude! Eta espero dugu salaketa publiko hori eta erantzun hori normalizatzen joatea”.

Horretaz guztiaz hausnartzeko eta gune morean egondako boluntarioen esperientziak, ideiak, hobekuntzak, aldatu beharrekoak, eta bestelakoez hizketatzeko, mugimendu feministako kideek boluntarioekin bilera eginen dute lastailean.