Hedabideen lupa Altsasuren gainean jarri zenekoa

Guaixe 2018ko urr. 12a, 11:52

Altsasu Gurasoak Euko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan ziren hilaren 2an euren egoera salatzen. Argazkia:@AltsasuGurasoak

Ferietako liskarra izan zela bi urte beteko dira astelehenean. Adurrek, Jokinek eta Oihanek 700 egun eginen dituzte preso etzi.

Festa egun bateko goizaldean, lanordutik kanpo zeuden guardia civilen eta herritarren arteko liskarra taberna batean hasi eta kalean segitu zuen. Berehalako ondorioa izan zen batzuk ospitalean bukatzea eta beste bi atxilotuta. Bere bertsioa zabaltzen lehena Espainiako Gobernu Ordezkaritza izan zen: “herritar talde handi batek erasotu zituen”. Hedabide batzuk erasotzaileak “40 edo gehiago” zirela zabaldu zuten gero. Batekoen eta bestekoen erreakzio soka luzea etorri zen ondoren.

Eta aparteko ezer gertatzen ez bada herrietan agertzen ez diren makina bat hedabidek Altsasurako bidea hartu zuten. Altsasuko auzia izanen zenak prentsa orri eta irrati eta telebista ordu asko eta asko bete zituen 2016ko lastailaren 3. aste hartatik aurrera. Hainbesterakoa altsasuarrak harriduratik amorrura pasa ziren; liskarraren bertsio bat edo beste onartuta ere, hedabideetan herriaren irudi faltsua eta irreala jaso zutela uste zuten askok eta askok. Horregatik, gerora hainbat animatu ziren euren etxeetan Utzi Altsasu bakean banderolak zintzilikatzera.

Salaketa
Liskarrak Altsasuko auzia sortu eta zortzi gazte altsasuar auziperatzea eta haietako zazpi gaur egun espetxean egotea ekarri du. Adurrek, Jokinek eta Oihanek domekan 700 egun eginen dituzte preso. Urte bat eta 11 hilabete beteko dituzte preso etzi. Altsasukoak aske herri plataformak hileroko 14ero atxiloketen eguna gogorarazteko ekimenak antolatzen ditu, eta domekan gauza bera eginen du. Iortia kultur gunearen parera deitu du, 19:00etarako.

Han lehenik atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioa eginen da: kriminalizazioaren gainetik, aurrera Altsasu! Horren ondoren kultur eraikinaren pareta bat pantaila erraldoi bihurtuko da eta plataformak bi bideo emanen ditu. Alde batetik, “duela bi urteko jazarpen eta kriminalizazio kanpainaren inguruko bideoak” emanen dituzte. Bestetik, “kriminalizazio kanpaina horren inguruko altsasuarren iritziak” jasotzen dituen bideoa emanen dute, “herriaren iritzia islatzen du”.  

Bestalde, Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek 128 egun egin dituzte preso gaur.

Hitzorduak
Gaur, 20:00etan, kontzentrazioa, udaletxe parean.
Etzi, 19:00etan, kontzentrazioa eta bideo emanaldia, kultur gune parean.