Frontisa pantaila bihurtuta, bigarren koadrotik errebotera arte kantxa jendez beteta. Bideo bidez duela bi urte Gartzia Ximenez kaleko taberna batean hasi eta kalean segitu zuten gertakariak gogora ekarri zituzten Altsasu Gurasoek eta Altsasukoak aske herri asanbladak. Zerbitzuz kanpo zeuden bi guardia civilen eta haien bikoteen eta herritarren arteko liskarrari hurrengo egunetan hedabideetan emandako tratamenduari erreparatu zioten bereziki atzokoan. “Goizeko lauretan herriko taberna batean izandako gertakari batek hedabideen jomugan jarri gintuen, era guztiz desitxuratu batean gure herria deskribatuz; helburu anker eta ilunak zituzten”.
Hilaren 14a zen atzo. Hilabete bakoitzeko egun horretan ekitaldi bat antolatzen du herri asanbladak. Helburua 2016ko azaroaren 14an izan ziren atxiloketak gogoraraztea. Atzo 700 egun bete ziren atxiloketak izan eta Adur, Jokin eta Oihan preso daudela. “Hedabideen muntaiak ondorengo polizia-, politika- eta zuzenbide-muntaiari bide eman zion. Hedabideek gezur nabarmenak modu ofizialean azalarazi zituzten. Horregatik daude preso”. Gogorarazi zuten euren eskubideak asko murriztu zituen FIES erregimenean izan zirela. Gogorarazi zuten Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen “gaur egun euskal espetxeetan bahituta” daudela gogorarazi zuten. Atzo 131 egun ziren eta horiei 2016an egondako 37ak gehitu behar zaizkie. Epaiketan izandako irregulartasunak salatu zituzten eta egindako mobilizazioak gogoratu ere. “Lanean segitu beharra dugu, nahiz eta beldurrera eta isiltasunera zigortu nahi gaituzten. Borrokan eta kaleak okupatzen segitu behar dugu”.
Beste bideo batean makina bat altsasuarrek egun haiei buruzko iritzia eman zuten hiru galderei erantzunez: zer sentitu zenuen irudi haiek ikustean? Uste duzu Altsasuko errealitateari egokitzen direla? Nolakoa da Altsasu? Eta, azkenik, zein da honen helburua?
Deialdia
Gurasoek eta herri-asanbladak jakinarazi zutenez, “gure helburua eskubideen eta askatasunaren alde indarrak batzea eta gizartea elkartzea da. Guztien artean zentzu komunari indarra ematea lortuko dugu. Zentzua da gure arma, eta egunero gehituz, egunero lan eginez, gizarte justuagoa lortu arte”. Bide horretan heldu den hilabeterako, azaroaren 14rako hitzordua jarri zuten. Egun horretan atxiloketak izan zirela bi urte beteko dira, auzipetuetako hiru espetxean 730 egun eginen dituztela.
Egun horretan, “begi-bista etorkizunean duen jardunaldi zabal eta anitz baten” antolakuntzan ari direla aurreratu zuten. “Hausnarketa, eztabaida eta aglutinazio” jardunaldia izanen dela esan zuten, “egoera makabro honi aurre egiteko, eta ikuspuntuan etorkizun justu, sano eta bidezko bat duena”.