Altsasuko auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten udaberrian. Orduan abokatuek salatu zuten epaimahai buru Concepcion Espejel epaileak Guardia Civilaren koronel baten emaztea dela eta erakundearen merituzko domina jaso zuela. Magistratua auzitik baztertzeko abokatuen eskaerak alferrikakoak izan ziren. Altsasuko zortzi auzipetuek 2 eta 12 urte arteko espetxe zigorrak jaso zituzten. Abokatuak epaiari helegitea aurkeztu zieten eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio salak aztertu du sententzia.
Helegitearen aurreneko puntuan abokatuek prozedura baliogabetzea eskatu zuten Guardia Civilak Espejel omendu zuelako. Eta areto hori bera izan da auzipetuen abokatuei jakinarazi ziena hilaren 1ean hiru epaileetatik bi Guardia Civilaren ohorezko dominak jaso zituztela: Eloy Velasco eta Jose Ramon Navarro. Aretoko kideen iritziz hori ez da nahikoa arrazoi auzitik baztertzeko. Abokatuek, ordea, helegitea aurkeztu eta epaimahaia aldatzeko eskatu dute: “Guardia Civilaren kondekorazioa jasotzea epaiketatik baztertzeko nahikoa ez dela esatean, aretoak berak aitortu du bere neutraltasun falta, helegitearen argudioak aztertu aurretik haietako baten gaineko iritzia eman baitu”.
Abokatuek gaineratu dutenez, Velasco errefusatzea nahi dute, auziaren inguruko zenbait adierazpen egin dituelako aurretik: “ETAren disidentzia gaztearekin adi” egon behar zela esan zuen 2017ko azaroan eta Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismoaz” Nafarroako Lurralde Auzitegiak baino gehiago dakiela esan zuen martxoan. Defentsako abokatuen iritziz, Velascok aurretik kasuari buruzko iritzi zehatza du eta haren “neultratasunaren” inguruko zalantza dute.