Igandean eskuineko alderdi batzuek Altsasun egin nahi duten ekitaldiaren harira, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak erakunde-adierazpena onartu zuen atzo. “Zenbait politika eta hedabide sektorek Altsasuko herriari ezarri dioten eta ezartzen segitu nahi dioten erabilera eta manipulazioa guztiz salatzen ditu Nafarroako Parlamentuak eta herrian beharrezkoak ez diren amorru eta tentsio giroa sortu nahi duten jarrerak eta jokabideak gaitzesten ditu”.
Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak Altsasuko herriari “erabateko babesa” azaldu dio. Horrekin batera, “altsasuarrek elkarbizitza, normalizazio, justizia eta proportzionaltasunaren alde azken bi urtetan izan duten jarrera zibikoa eta eredugarriari erabateko babesa” eman dio. Erakunde-adierazpenaren alde gobernuari eusten dion laukoak bozkatu zuen, PSN abstenitu egin zen eta UPNk eta PPk kontra bozkatu zuten.
Adierazpenak bazuen beste puntu bat alderdi guztiek alde bozkatu zutena: “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako herri guztietan bakearen eta elkarbizitzaren aldeko konpromisoa berresten du, eta hori lortzeko lanerako prestutasuna azaldu ere”.
Ekitaldiaz
Ciudadanos alderdiak sustatzen duen Plataforma Ciudadanak antolatu du Altsasuko azaroaren 4ko ekitaldia. Alderdi laranjako buru Albert Riverak iragarri zuen ekitaldia eta jakinarazi zuen Burundako herrian izanen dela igandean. Ekitaldiaren helburua da “Nafarroaren espainiartasuna aldarrikatzea, Espainiako Konstituzioko 4. xedapen gehigarriaren kontra egitea eta Guardia Civilarendako errespetua defendatzea.
Vox alderdiak deialdiarekin bat egin zuen pasa den astean. Bere buru Santiago Abascal Altsasun izanen da. Ekitaldiarekin bat egiten azkena PP izan da, larunbatean. Riverak ostiralean ziurtatu duenez, Fernando Savaterrek parte hartuko du igandeko ekitaldian. Ciudadanoseko Bartzelonako alkate gai Manuel Vallsek Vox “isolatzea” eskatu ondoren, bi alderdietako buruen artean ika-mika sortu da.
Bitartean, igandera begira zer egin zehazteko Altsasun hainbat batzar egin ziren joan den astean. Erabakitakoaren berri Iortia kultur gunean eginen den prentsaurrekoaren bidez emanen dute gaur, 18:45ean. Kartel iragarlean Utzi Altsasu bakean irakur liteke.