Altsasuarrek nola hartu dute igandeko ekitaldiaren berri?
Segur aski altsasuarren artean hainbat iritzi egonen dira. Baina, nire ustez, gehienek duten iritzia da Ciudadanosek antolatu duen ekitaldi politiko horren helburua dela bere lehia politikorako Altsasu herri gisa erabiltzea. Noski, eskubidea dute hemen ekitaldi politiko bat egiteko. Baina ezin dute Altsasu herri bezala erabili euren interes edo lehia politikorako.
Bakarren batek eskatu dizu haiei baimenik ez emateko?
Beste aukerarik ez genuen galdetu duenik izan da. Baimena zergatik eman dugun… Nafarroako eta udaleko arauak jarraituta administrazio publiko batek halako eskaera bati ezin dio baimenik ukatu. Eman beharra dugu. Azken finean, eskubidea dute.
Zeinek du ekitaldia debekatzeko eskumena?
Epaileek edo gobernu ordezkariak. Ekitaldi politiko horretarako Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak ere baimena eman du. Guk, udal gisa, espazio publikoa uzten dugu. Noski, bertan jarriko dituzten aparailuen arabera tasak kobratuko dizkiegu.
Egia da PPk, beste deialdi baterako, larunbaterako baimena eskatu zuela?
Eskatu zuen, baina nik uste ez duela zerikusirik Altsasuko auzia deituarekin. Sinadura bilketa bat egin nahi zuten Altsasun. Baina gaur jakin dugu ez dela sinadura bilketarik egonen.
Zer iruditzen zaizu ekitaldia Altsasun egitea?
Altsasuko Udalean erakunde-adierazpena onartu dugu. Idatzian argi eta garbi esaten da: “bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua eginez, gaizki ikusten dugu Altsasuko herria erabiltzea euren politika lehiarako”. Nik, alkate bezala, probokaziotzat jotzen dut. Eta espero dut probokazio horretan inor ez erortzea.
Zergatik uste duzu deitu dutela Altsasura?
Arrazoiak argi daude. 2016ko lastailaren 15etik hona Altsasu komunikabide guztietan dago. Gau hartan gertatu zena erabili da baita Altsasuren irudi ez erreala emateko. Oraindik hainbat hedabidek eta alderdi politikok irudi hori erabiltzen ari dira. Irudi ez erreala. Horregatik etorriko dira. Lehen esan bezala, Altsasu erabiltzea euren interes eta politika lehiarako. Eta, nik uste dut Altsasu, herri bezala, politika lehia horretatik kanpo egon behar da.
Segurtasunak kezka iturri izan behar du? Edo ez?
Ni kezkatuta nago. Eta horregatik espero dut lasaitasuna egotea. Guztien arteko errespetua egotea. Hori da nire kezka eta nik nahi dudana. Nafarroako Gobernuan ere kezkatuta daude. Harekin eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzarekin harremanetan gaude.
Zer eskatzen diezu altsasuarrei igandean?
Lasaitasunez jokatzea. Probokazioetan ez erortzea. Hainbat alderdi politikok nahi duten irudia ezin diegu eman. Hainbat ekitaldi daude antolatuta. Guztiak egin ahalko dira segur aski. Baina nik uste dut guztien arteko errespetua egon behar dela.
Eta etorriko bisitariei?
Euren ekitaldi politikoa egin, gainontzekoei ezer ez esatea. Eta herria errespetatzea. Ez bakarrik etorriko direnei. Baita hitza hartuko dutenei ere eskatzen diet Altsasu herri bezala errespetatzea.
Altsasu egoera honetatik nola espero duzu ateratzea?
Azken bi urtetan bezala, batuta. Nik uste dut azken bi urteetan altsasuar gehienen artean batasun handia egon dela. Komuneko hainbat elementu izan dira, bilatu ditugu. Uste dut hori agerian utzi behar dela. Batasuna egon da eta espero dut astelehenetik aurrera ere batasuna egotea.