1. Xuban, arte martzialekin hasi zinen, ezta?
Bai, duela hiru urte, 14 urterekin yoseikan budon eman nuen izena, Altsasun. Raul Barrenak entrenatzen ninduen eta Iparraldeko Joxe ere gu entrenatzera zetorren. Berez Amets yoseikan budo taldekoa naiz eta Aritz Agirrebengoa da, egun, entrenatzailea. Izugarri gustatu zitzaidan yoseikan budoa, hasieratik.
Yoseikan budon eta combat jiujitsun, yoseikan budoaren bariazio bat, bizpahiru lehiaketetan aritu naiz, beti ere tatami gainean, ez ringean. Malagara joan nintzen duela 2 urte eta gero iaz Bartzelonan aritu nintzen, Espainiako Txapelketan, 58 kiloko pisuan. Bigarrena geratu nintzen; dena den, arte martzial hauetan ez da jende asko mugitzen. Orain, 18 urte ditudala, 62 kiloko pisuan nabil.
2. Baina yoseikan budoan aritzeaz gain, K-1 borroka kirolera egin duzu salto. Nola?
Aritz Agirrebengoak Iruñeko Kanku gimnasiako entrenatzaile Eguzkizarekin hitz egin zuen, Altsasun gaualdi bat egiteko. Niri esan zidan ea borrokatu nahi nuen eta baietz erantzun nion. Horrela, Kanku gimnasiora joan ginen entrenatzera, nik K-1 ez bainuen inoiz egin. Hor entrenatzen jarraitzen dut, K-1 borroka lantzen, gustatu zitzaidan eta hor segitzen dut. Ikusiko dut aurrerago boxeoan aritzera animatzen naizen. Iruñean gimnasio pila bat dago, baina Kanku oso ezaguna da Eguzkiza entrenatzailea oso ona delako, ezaguna. Bestalde, Altsasun yoseikan budoan ere jarraitzen dut.
3. Zer nolako kirola da K-1?
K-1 borroka kirola da, kontaktu-borroka. Kick boxinga eta arte martzialeko beste hainbat teknika uztartzen dituena. Boxeoa bezalakoa da, baina hankak erabiltzen dira. Hankak buruan, gorputzean eta hanketan erabili daitezke. Amateur mailan belaunak erabiltzen dira ere, baina bakarrik gorputzean jotzeko; profesional mailan, aldiz, belaunak ere burura eman daitezke.
4. Altsasuko ferietan K-1 eta boxeo gaualdia antolatu zen, Kataluniako eta Nafarroako arteko borrokalarien arteko lehia. Zu ere bertan aritu zinen.
Bai. Ring batera igotzea gustuko nuela argi nuen, lehendabiziko aldia izan zen eta gainera Altsasun! Oso pozik nengoen: familia, lagunak... guztiak etorri ziren. Ni K-1ean aritu nintzen baina Azkoiengo borrokalari baten kontra. Boxeoan bezala, erasoak dira K-1ekoak. Ederki egurtu ninduen Azkoiengoak, baina kontentu geratu nintzen, 3 erasoak iraun nituelako eta ez nuelako hori espero. 200 ikusle inguru bildu ziren Burundan. Gurasoei gustatu zitzaien. Amak dio K-1 gustatzen zaiola, baina boxeoa ez. Baina niri gustatzen bazait eta noizbait boxeoan hasten banaiz, onartu beharko dute. Eta bestela ez joateko ikustera.
5. Borroka mota honetan beste sakandarren bat aritzen da?
Altsasuko jaialdian Iturmendiko Dani Mateos aritzekoa zen, baina ezin izan zuen azken astean sudurra apurtu zuelako. Osatzen denean jarraituko du. Ona da; nik berarekin entrenatzen dut, eta Beasaingo beste batekin. Eta lagunak ere sparringak edo entrenamendu laguntzaileak ditut, Oskar esaterako.
6. Sakanan zaletasuna dago?
Bai. Geroz eta ikusle gehiago eta borrokalari gehiago daude. Arte martzialetako eskolek garrantzia dute, bertatik ateratzen dira gehienak.
7.Ordu asko eman behar dira entrenatzen?
Bai. Nik sartzen ditut ia arratsalde guztiak. Batetik, kirol honetan erresistentzia asko izan behar duzu, fondo asko, eta mugimenduetan azkartasuna. Ordu asko sartu behar dira. Punta-puntan egoteko horretara egon behar duzu, lanbide batean bezala.
8.Elikadura zaintzen duzue?
Nik oraindik ez asko, baina zer edo zer bai. Azkenean pisu batean zaude eta pisu hori zaindu behar duzu. Ni orain 62 kilotan lehiatzen naiz.
9.Zer ematen dizu zuri kirol honek?
Borroka kirolek itxura biolentoak dute, baina errespetu handia diogu elkarri. Norbaitekin borrokatzen duzu eta gero laguna zara. Futbolean partida bat jokatu eta sarritan arerioek ez diote eskua ematen elkarri. Hemen borrokatu egiten da eta gero guztiak lagunak. Balore onak ditu. Kirol bezala, gogorra da, asko entrenatu behar duzu, baina txikitatik entrenatzen baduzu eta kolpeetara ohitua bazaude...
10.Jendeak beldur puntu bat dio, kolpe txarren bat hartu eta gaizki geratzearena...
Baina hori kontrolatuta dago. Ni amateurretan aritzen naiz, baina profesionaletan, mediku bat duzu borrokatu baino lehen eta gero beste bat, borrokatu ondoren.
11.Profesionala izatea gustatuko litzaizuke?
Bai. Zaila da, baina gogor entrenatzen baduzu momentu batean ailegatuko da, ailegatzen bada…