Gariletik zekiten Adurrek, Jokinek eta Oihanek 6 urteko behin-behineko espetxealdia beteko luketela. Eta preso dauden gainontzeko lau auzipetuei berriki jakinarazi diete, gauzak aldatzen ez badira, zigorraren erdia bete arte behin-behinean preso egon beharko luketela. Hala, Iñakik 5 urte eta Aratzek, Jon Anderrek eta Julenek 4 urte eta erdi egon beharko lukete preso. Udaberrian epaitu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaitegiaren erabakia izan da, fiskalak hala eskatuta.
Bi urte bete aurretik behin behinean dauden presoek espetxean segitu behar ote duten aztertzen du epaitegiak. Adurrek, Jokinek eta Oihanek 12 egun barru bi urte eginen dituzte preso. Baina gainontzeko lauek, guztira, 7 hilabete daramate preso. Erabakiaren azkartasunak harritu ditu defentsak eta gurasoak. Erabaki horrekin espetxean preso egotea “nolabait legeztatu” dute. Epaileek hiru preso altsasuarren behin behineko espetxeratzea garilean luzatzea erabaki zutenean, Amaia Izko abokatuak azaldu zuen epaileek ez zutela kontuan jarri defentsen helegitea. Eta gogorarazi zuenez, “legeak ez du betebeharra ezartzen. Ahalbideratu egiten du”.
Gaur bertan jakin da Adur eta Iñaki Iruñeko espetxetik Zaballakora (Araba) lekualdatu dituztela. Beraz, zazpi auzipetuak kartzela berean daude preso. Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 719 egun egin dituzte preso. Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, 149. Azken horiek 2016ko udazkenean beste 37 egun egon ziren preso.