Hizketan

#AltsasukoakASKE jardunaldiak aurkeztu dituzte

Guaixe 2018ko aza. 2a, 16:16

Gazteen, gizarte eragileen, hedabideen, juristen eta Europako ikuspegietatik aztertuko da Altsasuko auzia, Iruñean, azaroaren 16an eta 17an.

Altsasukoak Aske herri asanbladak eta Altsasu Gurasoak-ek, hainbat kolektibo eta pertsonalitate esanguratsuekin batera, #AltsasukoakASKE jardunaldiak prestatu dituzte. “Esparru anitzeko sentsibilitate eta ideologia desberdinetako jendea” izanen da jardunaldietan parte hartuko duena. Eta guztiek “etorkizunari begira, bost ardatzen inguruko hausnarketa eta eztabaida-jardunaldietan parte hartuko dute”.

Aipatu ekimena auzipetuetakoak atxilotu zituztela bi urte bete eta gero eginen da, Adurrek, Jokinek eta Oihanek espetxean 731 egun preso egin dituztenean eta Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek 161 (eta beste 37 2016ko udazkenean). Gurasoen eledun Bel Pozuetak aurkezpenean esan duenez, “bi urte-kartzela, injustizia, lana eta borroka. Herri osoa gehiengo sozial batek lagundurik. Elkartasuna handia izan da, izugarria, eta eutsi beharra diogu lanari gure artean izan arte, justiziak etxeratu arte, etxean behar bailukete”.

Antolatzaileek jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena egitearekin batera, eskaera luzatu dute: “mobilizatzen jarraitu eta bide gogor honetan gurekin segitu, zuen elkartasunik gabe are gogorragoa izango zatekeen eta, dudarik gabe, izango litzatekeelako. Denon artean lortuko dugu”.

Egitaraua
Azaroak 16, ostirala
Arratsaldez     
Gazte taldeek Altsasu auzia delakoa aztertuz eta etorkizunari begira, epe ertain eta luzera nola helduko diote, Katakraken.
        
Gizarte-eragileen mahai-ingurua. Partaideek jendarteak auziari emandako erantzuna eta kaleetan dagoen sentsibilizazioa aztertuko dute, Katakraken.

Azaroak 17, larunbata
Goizean    
Jurista esanguratsuen auziari buruzko mahai-ingurua: hastapenak, Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzearen ondorioak, irregulartasunak eta prebentzio-kartzelaren abusua. Jurista esanguratsuek hartuko dute parte.
        
Kazetari ezagunek hedabideek auzia nola jorratu den eta horren guztiaren ondorioak aztertuko dituzte.

Arratsaldez     
Europan auzia nola lantzen ari den aztertuko dute.

Egitarau osagarria
Hizlariak Katakraken dauden bitartean, Gaztelu plazak hainbat dinamika hartuko ditu ostiral arratsaldean eta larunbatean. Aurreratu dutenez, alde batetik, azkeneko bi urteetako informazio-gunea, materiala eta auzipetuen egoeraren inguruko perfomancea eginen da: ziega bat irudikatuko da eta, ordu erdiko egonaldiak antolatuz 12 orduz, hainbat pertsonek okupatuko dute. Guztira, 24 lagun sartuko dira ziegan, gure semeek eta lagunek daramaten adina hilabete. Bestetik, prozesuaren une garrantzitsuak jasotzen dituen erakusketa batek plazako kioskoa inguratuko du. Gainera, ostirala gauean, azkeneko bi urtetako irudien proiekzioa eta kontzertu bat izanen dira. Despeditzeko, larunbatean, 17:00etan, Gaztelu plazan elkarretaratzea eginen da, “injustizia salatu eta zazpi altsasuarrendako askatasuna eskatzeko”.