Hizketan

10.600 pertsonek Altsasu bakean uzteko eskatu dute

Guaixe 2018ko aza. 3a, 19:31

Altsasuko herri batzarretik gaztigatu dutenez, biharko Altsasura “probokatzera, erasotzera, tentsioa sortzera eta elkarbizitza haustera etorriko dira. Horiek ez dira ongi etorriak gure herrian”.

Altsasuko herri batzarretik adierazi dutenez, Ciudadanos, Vox eta Partido Popularraren “bisita gure herriaren kontrako beste eraso bat da, ankerkeria osoz egina gainera. Ulertezina eta onartezina deritzogu jokabide horri.  Argi ikusten baitugu bisita ezkutuko interesak daudela argi ikusten dugu eta faxismoarekin antza osoa duen praktika dela”. Altsasuko herri batzarretik adierazi dutenez, “herri oso bateko sufrimendua erabili nahi dute haien arteko hauteskunde-lehiarako. Badakigu gure herria ez dela haien helburua, berez aski larria litzatekeena. Are zikinagoa da jokabidea, gure herria aitzakiatzat hartu nahi dutelako, eskubide eta askatasunen ukaziorako aitzakia eta sinbolo bilakatu nahi dutelako”.

Batzarreko kideek biharko “bisitariak kezkaturik” imajinatu dituzte: “batetik, atera nahi dituzten etekinak askoren artean banatu beharko dituztelako. Agian, ez diegulako biktima papera hartzeko aukerarik emanen… Agian gauzak ez direlako nahi duten gisan”. Eta ziurtatu dute, ez direla “haien jokabide maltzurrean eroriko. Badakigu zer nahi duten eta erantzunen diegu aukerarik eman gabe gure errealitatea manipulatzeko”. Eta gaineratu dutenez, “zilegitasun guztia genuke gure herrian sartzen ez uzteko. Probokatzera, erasotzera, tentsioa sortzera eta elkarbizitza haustera datozelako”. Eta segituan esan dutenez, “uler dezakegu enfrentamenduak saihesten saiatzearen ideia horretatik abiatuta bestelako erantzun motak planteatzea. Konpartitzen ez ditugun arren. Guk nahiago genuen erantzun bateratua izatea .Saiatu gara eta jarraituko dugu saiatzen oraindik ere.

Altsasuko herri batzarreko kideek euren buruari egiteko bat jarri diote biharko: etorriko diren horiek hemendik joaterakoan ahulagoak izatea, darabilzkiaten mozorroak kendu eta zer diren erakustea: gure minarekin jolasean ari direnak, gure eskubideak zapaltzen dituztenak, gure herria errespetatzen ez dutenak, justizia ukatzen digutenak, hitzik eta erabakirik gabe utzi nahi gaituztenak. Enfrentamendua bilatzen dutenak politika- eta hauteskunde-etekinak eta pertsonalak aterako dituztelakoan. Iraganera bueltatu nahi dutenak gu guztiok mozorroturiko faximoaren ur ilunetan itotzeko”.

Igandea
Biharko bisitariei Altsasuko herri batzarrak emanen dien erantzuna “herritarra, bateratua, zabala, duina eta bilatzen duten enfrentamendurik gabea” izanen dela aurreratu dute. Kultur gune pareko zabalgunean “Eskubideen eta Askatasunaren gunea aldarrikapenez betea eta, aldi berean alaitsua eta festa girokoa” izanen dela jakinarazi dute: “ahotsa emanen diogu arrazismoaren kontrako borrokari,  borroka feministari, aniztasunari, LGTBIko kolektiboen eskubideen defentsari, herri eragileen ekarpenei… Bihar etorriko diren horiek lapurtu nahi diguten guztiari, herriari azken finean”. Horregatik, gunean parte hartzeko gonbidapena egin dute. Ziurtatu dutenez, “guzti honetatik Altsasu, gure herria, indartsu ateratzea da gure nahia eta desira”.

10.600 manifestari
Manifestazio akaberan Altsasu zer den azaldu dute: “herri anitza, solidarioa, sendoan. Urtetan ongi etorria eman diona jende askori, ospitalarioa. Errespetua, justizia, eskubideak eta bakea aldarrikatzen jarraituko duen herria”. Gaineratu dutenez, “harro gaude hemen bizitzeaz, harro une zailetan elkartzeko gaitasuna demostratu izanaz, jasandako erasoei elkarrekin erantzun izanaz, jasaten ari garen injustiziari aurre egiteko zutik jarraitu izanaz . Gure arteko desberdintasunen gainetik elkar ulertu, errespetatu eta elkarrekin aurrera egiteko gaitasunaz”.

Altsasuko herriari elkartasuna adieraztera jendetza etorri da. Manifestazio burua San Juan kaleko Irantzu dantza eskolaren parean zegoenean azken manifestariak Euskadiko Kutxaren paretik pasatzen ari ziren. 10.600 pertsonak bete dute espazio hori guztia eta manifestazioko antolatzaileek eskerrak eman dizkiete: “beste behin elkartasun olatu batek blaitu gaitu. Horrek ez du arazoa desagerrarazten, baina une zailetan behar den laztan goxoa bilakatzen da, eta burua tente jarraitzeko behar dugun energia ematen digu”.