Manez Thierry Biscary musikariaren aitatxiren etxeko izengoitia zen. Proiektu berriarekin hasi zenean izen hori hartu zuen abiapuntu bezala. "Hainbat taldetan kolaborazioak egiten ditut eta han Thierry naiz, baina proiektu honetan Manez naiz". Hortaz, proiektu "oso intimoa" dela azaldu du Biscaryk. Manez eta Kobreak taldeak bihar kontzertua eskainiko du Iortia kultur gunean, 19:30ean. Berria egunkariak, Altsasuko udalak eta Sakanako Mankomunitateak antolatu dute emanaldia.
Barnetik heldu zaizkion "kantuak, melodiak eta musika" dira Manez eta Kobreak taldeak eskaintzen duena. "Badira oso bertsoak diren kantak, kontakizun soil bat kontatzen dutenak". Parisera bizitzera joaten den neska baten istorioa aipatzen du Biscaryk: "han aske sentitzen da, eta herrian, aldiz, ez da hain aske sentitzen nahiz eta herriarekiko lotura handia izan". Abesti "alaiak" eta "tristeagoak" daude Manez eta Kobreak taldearen errepertorioan.
Biscary Bolbora, Kokin eta Kalaka taldeetan egon da, besteak beste, eta bakarlari gisa aritzea erabaki zuen "Kalakaneko erritmo handia jarraitzea zaila egiten zitzaidan". Gainera, gauza berriak probatzeko "heldutasunera" iritsi dela esan du Biscaryk. "Kalakan utzi nuenean erabaki nuen musika ez nuela utziko eta zerbait xumeagoa eginen nuela".
Melodiak aspalditik ditu Biscaryk buruan. Letrendako, aldiz, "laguntza handia" izan du, izan ere, "olerkariengana" jo du: Uxue Alberdik, Amets Arzallusek, Xabier Euzkitzek, Jon Maiak eta beste hainbat idazlek idatzi dizkiote letrak. Hala ere, proiektu osoa bezala Behe Nafarroan oinarrituak daude; Iparraldeko istorioak kontatzen dituzte.
Kaleko musika
Behe Nafarroaren eragin nabarmenena abestien doinuan dago. Ahotsarekin batera metalezko instrumentuak aritzen dira: Kobreak. "Bidebazterreko pertsonaietan inspiratu nahiz proiektua egiteko, eta kobreak oso herrikoiak dira". Kaleko musikaren kutsua bilatu du Byscaryk: "musika erdi fanfarre erdi txaranga da, baina, aldi berean, antzoki batean entzun daitekeen kamara musikako talde bat gara".
Musikariak "kasting" bidez aukeratu zituen: "Internet bidez ikusi nituen eta haiengana joan nintzen. A capela abestiak egin nien eta konbentzitzen saiatu nintzen". Hortaz, hautaketaren ondoren Bixente Etchegaray, Laura Etchegoyhen, Ana Telletxea, Vianney Desplantes eta Mintxo Garaikoetxea musikariek,osatu zuten taldea.
Emanaldi "berezia" eskainiko dute bihar Altsasun: "dantzatzeko eta entzuteko doinuen bidez" Behe Nafarrora "bidaia" eskainiko dute. Hortaz, herrialdearen argazki proiekzioa eginen dute musika jotzen duten bitartean