Herenegun bi urte, 731 egun, bete ziren Altsasuko auziagatik Guardia Civilak Altsasun sarekada egin eta hainbat gazte atxilotu zituela. Ordutik preso daude Adur, Jokin eta Oihan. Orduko hartan (37 eguneko espetxealdia) eta gaur duela 163 egun atxilotu zituzten Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen. Urruntzea eta sakabanaketa ezagutu dituzte. Gaur egun zazpiak Zaballako (Araba) kartzelan daude.
Altsasukoak aske herri-plataforma #AltsasukoakASKE jardunaldiak antolatu ditu gaurko eta biharko. Eneko Mendiluzek zergatia azaldu digu: “orain arte mobilizazioak izan ditugu. Jendea etorri da eta mobilizatu da. Oraingoan, mobilizazioaz aparte, etorkizuneko perspektiba izan nahi dugu, pixka bat jakiteko hemendik aurrerako erantzuna nola bideratu behar dugun”. Hausnarketa orain antolatzearen zergatiaz galdetuta, Mendiluzek esan digu “momentua berezia” dela: “bi urte bete dira zazpien atxiloketetatik, hilabetera lau askatu zituzten, berriz ere, zazpiak barruan daude, epaiketa pasata eta helegiteen zain. Momentu politikoa, momentu juridikoa desberdina da. Orain beste perspektiba batean koka gaitezke”.
Plataformako kideak azaldu duenez, “perspektiba sakonagoan hausnartu nahi dugu, eta egoerari aurre egitea”. Horregatik gaurko eta biharko antolatutako egitarauan “mobilizazio hutsa izatea baino, etorkizuneko perspektiba” hori bilatuko dute. Izaskun Etxeberriak azaldu digunez, “auzi honen inguruan ardatz diren bost esparrutako mahai-inguruak” prestatu dituzte. Zergatik bost ardatz horiek eta ez beste batzuk galdetuta, azaldu digunez, “guk, Altsasukoak Aske herri plataformatik, hasiera-hasieratik argi esan dugu politika-, hedabide-, lege- eta polizia-muntaia baten ondorioz sortutako egoera batean gaudela”. Hori oinarri izanda, “ikusi dugu bost puntu horiek oso garrantzitsuak direla jorratzeko, lantzeko eta hausnartzeko”.
Saioak
Hausnarketa saioak Nafarroako gazte kolektiboen topaketa batekin abiatuko da. Etxeberriak azaldu digunez, “auziak suposatu duenaz hausnartuko dute”. Segituan, gizarte-eragileen txanda izanen da, mahai-inguruan bilduko direnak. “Nafarroan, hasieratik, alde horretatik sentsibilizazio handia izan da. Elkartasun izugarria”. Larunbat goizean lege-ikuspegia aztertuko dute “izen handiko juristek. Denok jakin badakigu irregulartasun handiak izan direla prozesuan, epaiketan, ondorengo epaian, behin-behineko espetxeratzea… Horien inguruan dituzten lege-argudioak mahai-gainean jarriko dituzte”.
Haiei kazetariek hartuko diete lekukoa. “Hedabideek azken bi urte hauetan auzia nola landu duten aztertuko dute. Hedabideetan asko atera da. Nolako manipulazioa izan den ere ikusi dugu. Komunikabideen lana eta gizartean duten funtzioa aztertuko dute”. Despeditzeko, auzia Europan orain arte nola landu den eta aurrera begira zein lanketa eginen den aztertuko dute.
Gaztelu plazan jardunaldiek bestelako oihartzun bat izanen dute. Informazio guneaz eta erakusketaz aparte, ziega irudikatuko dute. “Hartan sartzeko 24 txanda egin ditugu. Preso daramaten hilabete bakoitzaren isla izan nahi du. Ordu erdiko txandak izanen dira eta Nafarroako hainbat eskualdeetako jendea sartuko da ziega horretan, txandaka”. Bestalde, Altsasukoak Aske herri plataformatik gogorarazi dute jardunaldiak direla eta gaur ez dagoela udaletxe parean bilkurarik. Baina bihar, 17:00etan, Gaztelu plazan eginen den elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu dute.
Egitaraua
Azaroak 16, ostirala
18:00etan Jardunaldien mustutzea, Gaztelu Plazan.
18:00etan Atzo, gaur… Bihar zer? Nafarroako gazte kolektibo guztiak gonbidatuta daude topaketara.
20:15ean Gizarte eragileen mahai-ingurua, Amaia Zufia (BF), Fernando Mendiola (Memoria Bideak), Nerea Fillat (editorea) eta Sabino Cuadra (SF78). Moderatzailea: Juan Kruz Lakasta.
22:00etan Pintxo-afaria, bideo-emanaldia eta kontzertua, Gaztelu plazan.
Azaroak 17, larunbata
09:00etan Elkartasun gunearen irekiera.
10:30ean Lege-arloko mahai-ingurua: Garbiñe Biurrun, Amaia Izko, Soledad Barber eta Olga Rodriguez.
12:15ean Hedabideei buruzko mahai-ingurua: Martxelo Diaz (Gara), Joxerra Senar (Berria), Danilo Albin (Publico) eta Bea Talegon (Diario 16).
17:00etan Kontzentrazioa, Gaztelu plazan.
18:00etan Europako lanketari buruzko mahai-ingurua: Josu Juaristi (EH Bilduko euro-parlamentaria), Xabier Benito (Ahal Duguko euro-parlamentaria), Maite Mola (Europako Ezkerreko Alderdiko lehendakariordea), Joan Tarda eta Gabriel Rufian (ERC) eta Izaskun Bilbao (EAJko euro-parlamentaria, bideoa).
Elkartasun gunea, Gaztelu plaza
Gaur eta bihar herri-plataformaren informazio puntua egonen da. Han elkartasun materiala salgai izanen da, eta plazan auziari buruzko erakusketa eta ziega baten irudikapena.
Jardunaldiak Katakraken izanen dira, Kale Nagusiko 54. zenbakian.