“Abortuagatik salatuak, homizidioagatik espetxeratuak”

Guaixe 2018ko aza. 16a, 08:43

El Salvadorren elkartasun proiektu batean joan den urteko hiru hilabete eman zituen Alazne Pascuak. Emakumezkoen elkarte batean lan eginez Erdialdeko Amerikako herrialdean abortuagatik salatutako emakumeek bizi duten egoera latzaren berri jaso zuen. Eta guri jakinarazi digu.

Alazne Pascua altsasuarrak 23 urte ditu. Kazetaritza gradua despeditu berri du. Ikasten segitu nahi du, master bat. Horretarako, lanean ari da, dirua aurrezten, ikasten segitzeko. 2017ko udan El Salvadorko Suchitoto herrian egon zen, hiru hilabetez. Euskal Herriko Unibertsitateko Gaztenpatia programaren bidez joan zen hara, boluntario gisa eta praktikak egiteko. Emakumeak laguntzeko proiektu batean aritu zen Pascua, Colectiva Feminista (CF) erakundean egin zituen praktikak. Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) hango egonaldiaren berri eman digu.

Bakarrik joan zinen?
Suchitotora sei ikasle joan ginen: ikus-entzunezko ikasle bat, nazioarteko harremanetakoa, psikologiako ikasle bat, arkitekturako bi eta ni kazetaria. Bakoitzak Colectiva Feministaren (CF) barruan bere lana zuen. Ni kazetari lanetan aritu nintzen. Arkitekturakoak, berriz, irisgarritasuna bermatzeko kaleak moldatzeko lanean aritu ziren, planoen bidez eta. Herri osoko kaleak harrizko zorua dute eta ez dira oso irisgarriak. Gerra egon zen eta askok gerra zauriengatik ezin dute ongi ibili.



Eta zein zen zure egitekoa?
Lan asko egin genuen. Alde batetik, bideoak eta abar igo behar genituen sare sozialetara, Facebook-eko orrialdean. Gaztenpatia gisa han seiok egiten ari ginenaren berri emateko. CF-n boluntario gisa hainbat lan egin genituen. Alde batetik, uraren giza eskubideari buruzko bideoa egin genuen. Izan ere, Suchitotoko etxeetan ura dago, baina El Salvadorko komunitate askotara ez da ura iristen. Emakumeak dira etxearen zainketaz arduratzen direnak, hiru orduz ibili behar dute ur bila joateko. Plataformako hainbat kide elkarrizketatu genituen. Bestetik, eskualdean bi komunikazio tresna daude. Bat, emakumeendako arreta gelak dira. Haietan indarkeria biktima izan diren emakumezkoei laguntza psikologikoa eta juridikoa ematen diete. Erabilgarriak ziren hala ez baloratu, emakumezkoak haietara joaten ziren ala ez, eta, benetan, hartan parte hartzen zuten edo ez aztertu genuen. Bigarrena azokan dauden irrati txikiak dira. Azokan dauden emakumeendako dira, goizter esnatzen dira, azokan ematen dute ia egun osoa eta ateratzen direnean hurrengo egunerako gauzak prestatzen ari dira. Ez dute haien eskubideen berri. Eta irrati horien bidez eskubide horien berri ematen da; esaten zaie bakarrik ez daudela, norbaitek zerbait esaten badie aldamenekoa berarekin dagoela… Azokako emakumezkoek bat egin dute. Lehen bakoitzak bere postua zeukan eta saltzera joaten ziren eta kitto. Irratiei esker bat egitea lortu dute. Musika ere jartzen zuten, horrela azoka pixka bat animatzen zuten.



Beraz, programa horiek eraginkorrak dira.
Bai. Unibertsitatearen aukera hau oso interesgarria dela uste dut: ikasten jarraitzen duzu eta modu profesionalean aritzen zara. Ni han kazetaria nintzen. Aukera hori izatea, gainera, beste herrialde batean, hango kultura ezagutzea eta hori guztia… aukera ikaragarria da! EHUn ikasten ari diren ikasleak programa horren parte izatera animatzen ditut. Oso interesgarria delako eta, niretako  esperientzia oso onuragarria izan delako.

Programan parte hartzeko baldintza berezirik badago?
Ez. Lankidetzari buruzko ikastaroa egin behar duzu. Aste batean hainbat hitzaldi izaten dira. Eta hori eginda joan zaitezke.

Nolakoa zen zure egun bat Sochitoton?
Ni hasieran gehien harritu ninduena zen 04:30ean edo 05:00etan argitzen zuela. Beraz, jendea oso goiz altxatzen da. Emakumeen aldetik lan asko ikusi nuen. CF-n, adibidez, 40 emakumezkok baino gehiagok lan egiten zuten. Haiek dira uraren giza eskubidea aldarrikatzen ari direnak, ahalduntzea lantzen dutenak, azokako irratia haiek sortu zuten udalaren diru-laguntzarekin… Borroka hori beraiek hasi zuten. Esaterako, psikologiako ikaslea askotan ikastetxeetara joaten zen. Ni askotan berarekin joan nintzen, haurrekin eta gazteekin zer egiten zuten ikustera eta txikitatik informazioa zabaltzen hasten direla ikusi nuen: antisorgailuei buruzko azalpenak; heterosexuala edo homosexuala izatea zer den galdetzen zieten eta haurrek antzerkia egin zuten; genero indarkeria, LGTBI… Uste dut interesgarria dela gai horiek txikitatik lantzen hastea. Beti baztertuak izan diren gaiak dira, edo horiei buruz ez da asko hitz egiten. Gaur egun mundua oso kulturartekoa da eta mota askotako pertsonak gaude. Txikitatik hori jakitea: gurasoek ez dutela aita eta ama izan behar, aita-aita edo ama-ama izan daitezkeela.

El Salvadorko gizartea horretarako prest dago?
Nik uste dut hastapenetan dagoela. Borroka handia dago. Oso gizarte fededuna da. Erlijioa oso sartuta dago. Hori izan da abortuarena pixka bat zapaltzen duena. Abortuari buruz asko ezagutu genuen aurreneko asteetan gazte baten epaiketara joan ginelako. Gaztea genero indarkeriaren biktima da, bortxatuta, mehatxatuta… Berak ez zekien haurdun zegoela, hilerokoa zuen. Hango komunak lurrean egindako zulo bat dira. Gaizki sentitzen zen. Amak neska lurrean botata opatu zuen, konorterik gabe, odoletan. Kezkatuta ospitalera eraman zuen. Ospitaleak berak abortua praktikatzeagatik salatu zuen. Ni horrek zirrara handia egin zidan.

Nolakoa da El Salvadorko abortu legea?
Oso zorrotza. Horretan asko sakondu dut, zirrara handia eragin zidalako. Hemen abortatu dezakedala ikusten dut. Han guztiz legez kanpokoa da. Mundu guztian abortua legez kanpokoa den bost herrialde daude eta El Salvador horietako bat da. Ez da bakarrik legez kanpokoa izatea. Legeak esaten du abortatzen duenak edo abortatzen laguntzen duenak 2 eta 8 urte arteko espetxe zigorra duela. Emakumezkoak abortuagatik salatzen dituzte, baina homizidiogatik sartzen dituzte kartzelan. Gazte horri 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten joan den urtean. Zorionez, gazte horren zigorra berraztertu dute eta kalera aterako da. Baina oraindik kartzelan dago. Epaian akats bat ikusi dute eta, hala ere, kalean egon beharrean kartzelan segitzen du.

Eta bortxatzaileak zer?
Beti errugabetasun-presuntzioa dute eta ez dira kartzelara joaten. Eta joaten badira, kalean denbora asko pasa ondoren. Baina emakumezkoak hasieratik kartzelara. Kartzelatik hainbat epaiketetara eta epaia ateratzen denean, aldekoa edo ez, kartzelan egon dira epe horretan. El Salvadorko emakumezkoendako ez da bidezkoa bidegabekeria horregatik kartzelan egotea. Guztia konstituzioko artikulu batean du jatorria, esaten du enbrioia pertsona dela. Beste batean dio pertsonen aurka egiteak zigorrak dituela. Horretan oinarritzen dira: pertsona bat zen eta hura hiltzen saiatu dira. Nik bidegabekeria ikusi nuenean… Gainera, epailea, emakumezko bat zen. Gazte bati 30 urteko zigorra jartzen ari da zer eta bortxatua izateagatik, gero mehatxatua (zerbait esaten baduzu zure ama hilko dut), ez zekien haurdun zegoela… Eta bortxatzaileak non gelditzen dira?  Gradu akaberako lana prestatzeko pixka bat sakontzea erabaki nuen. Eta, azkenean, lan hori El Salvadorko abortu legeari buruzko irrati-erreportajea izan da.



Legedi hori mugitu nahi duen talderik badago?
Bai. CF-ko emakumezko guztiak horretan sartuta daude eta talde txiki bat eratu dute: agrupación ciudadana por la despenalización del aborto. 2014an konturatu ziren 129 emakumezko abortuagatik preso zeudela. Haietatik 14k 30 eta 50 urte arteko espetxe zigorra zuten. Arazo bat daukagu: abortua legez kanpokoa da. Baina arrazoibide horrekin zigor handiagoak jartzen dituzte. Zer egin dezakegu? 17 indultu eskaera aurkeztu zituzten, emakume horien askatasuna aldarrikatzeko. Las 17 mugimendua sortu zen, egoera horretan 17 zirelako momentu horretan. Jabetu ziren preso zeuden emakumezko gehienak antzeko ezaugarriak zituztela: emakumezkoa, genero-indarkeriaren biktimak, baliabide gutxi zituzten… Kontua da El Salvadorren dirua duen emakumea abortatzera kanpora joaten dela. Ez du inongo arazorik. Gehienek ez dute dirurik eta, beraz, aukera hori ere ez. Azkenean, kasu askotan ez dute abortatzea nahi. Euren pentsaera da: bortxaketa baten ondoren haurdun gelditu naiz, baina nire semea da, hor bizi bat daukat eta aurrera jarraituko dut. Kartzelan egon ginen ere eta emakumezkoek esaten ziguten: gaur egun lehen asteetan abortatzeko metodo asko daude, ez umea jaio denean. Kasu gehienak ospitaletik kanpoko erditzeak dira. Erditzerakoan zailtasunak izaten dituzte: konortea galdu, ez daude osasun zentroetan, eta konortea galduta dutela haurrak hiltzen dira.

Euren eskuetatik ihes egiten duen egoera da, ez?
Hori da. Emakumezko horien askatasuna aldarrikatzeko mugimendu hori sortu zen. Pixkanaka emakumezko gehiago preso sartu dituzte eta orain izena aldatu diote: Las 17 y más. Astelehenean (gaur) Imeldaren epaiketa eginen da. Evelynen kasuko ia elementu guztiak ditu. Desberdintasuna da bere aita-ordeak eragindako genero-indarkeria pairatu duela: 12 urterekin bortxatu zuen aurrenekoz, ezer ez esateko mehatxatu zuen, beldurra, urruntzeko bikotekidea lortzen saiatu zen. Baina, azkenean, haurdun gelditu zen. Ez zekien haurdun zegoela, erditzean zailtasunak, eta haurra, gaur egun, bizirik dago. Hori da kasu honetan zirrara eragiten duena. Besteek haurra galdu zuten, baina Imeldaren haurra bizirik dago eta bere amonarekin dago. Zergatik darama Imeldak ia urte bat kartzelan bere haurra bizirik badago? Hiltzen saiatu zela esaten dute. Zailtasunak berriro. Umea lurrean aurkitu zuten, ez zegoen ospitalean. Amak ez du pentsatzen ume bat izan zuela, ez zuen pentsatzen: begiratuko dut ea zer dagoen hor. Ospitalera korrika eraman zuen. Han abortua egiten saiatu zela esan zuten. Ikertzen dute, gorpu bizia opatzen dute. Bera kartzelara eta haurra amonarekin. Nik uste berez haurra amarekin egon beharko lukeela. El Salvadorren eta leku askotan hori gertatzea ez da bidezkoa.


Badago hor borrokatzeko bidea.
Bai. El Salvadorko feministak gehien borrokatu dutena 133. artikuluaren erreforma da. Badakite oso zaila dela El Salvadorren abortua despenalizatzea. Erlijioa, gehienak gizonezkoak diren gobernua… Hori ez lortzeko presio handia, botere handia dago. Haiek lau kausagatik abortua ez zigortzea lortu nahi dute: emakumezkoen osasuna arriskuan dagoenean, haurdunaldia indarkeriaren emaitza bada… Eta pixka bat lortu dute: diputatu asko horretan sartu dira eta laguntzen ari dira. Hauteskundeak dira. Arena alderdiak (eskuina) guztiz kontrakoa nahi du: abortuagatik gaur egungo 2 eta 8 arteko kartzela zigorra 30 eta 50 urtekoagatik ordezkatzea. Gaur egun emakumezko batzuk zigor hori dute, baina ez abortuagatik, homizidioagatik baizik. Uste dut une honetan mundua zabaltzen, bata bestea ezagutzen ari garela eta Europan bestelako legeak izatea eta han hain zorrotzak, ezer ez egitea eta inork ezer ez esatea… Uste dut ezin garela isilik gelditu. Honen berri eman beharra dugu. Jendeak ezagutzea eta borrokatzea han lortu nahi dutena lortzeko.

Hasieratik argi zenuen han ikusi eta bizi zenuena, eta zure proiektua, ezagutzera eman behar zenituela?
Bai. Berez, gradu akaberako lana hasieratik hori izan da. Evelynen epaiketara joan ginen. Gero kartzelan egon ginen. Gai horretatik abiatzea erabaki nuen gradu akaberako lanerako. Irrati-erreportaje baterako aukera interesgarria iruditu zitzaidan, beste irratietan emititzeko aukera ematen zuelako, horri buruz hitz egiteko aukera ematen zuelako eta jendea jakiteko. Euskal Herrian honi buruz asko hitz egin da. Esaterako, Picara Magazine asko egon da El Salvadorren, erreportajeak egin ditu. Helburua hori da: jendeak gaia ezagutzea eta bere modura borrokatzea. El Salvadorren geundela hitz egin genuena: hau diziplina arteko borroka da. Ez da bakarrik pertsona bat behar. Behar dira abokatuak, politikariak… denetarik. Gainera, horri buruzko komunikazioa egiteko kazetariak badituzu, bada, askoz hobeto. Batzuetan uste dugu kazetariek ezin dugula mundua aldatu, ezta munduaren aldaketan parte hartu. Baina ez da egia. Kazetari gisa mundua aldatzeko ezinbesteko tresna dugu: komunikazioa.

Hiru hilabete nahikoa izan ziren?
Niretako oso gutxi. Han gehiago geldituko nintzateke. Azkenean, gradu akaberako lana irailean aurkeztu nahi nuen eta banuen hona etortzeko gogoa. Hala ere, esperientzia oso motz egin zitzaidan. Aurten bueltatzeko aukera aztertu dut, baina bidaiak garestiak dira. Baina besteren batean joateko pentsamendua badut.



Irrati-erreportajea
Alazne Pascuaren Pentsamenduak blogean entzun daiteke gradu akaberarako prestatu zuen lana.


Gaztenpatia
Programa horren helburu nagusia da elkartasuna eta enpatia sustatzea Euskadiko, Nikaraguako, Guatemalako, El Salvadorko eta Mendebaldeko Saharako gazteen artean. Sormena eta ekintzailetza soziala baliatuz, EHUko ikasleek hainbat jarduera landuko dituzte. EHUk eta Euskal Fondoak sustatzen dute programa. “Ni Sevillan ikasi dut eta han ez dute halako aukerarik. Hara joateko diru-laguntza ematen dizute. Uste dut aprobetxagarria dela eta ikasle sakandarrak aukera hori baliatzera gonbidatzen ditut”.

 

Eneida Carreño Mundiñano / Alfredo Alvaro Igoa