Egoera sinesgaitz hau hasi zenetik, bi urte pasa dira, jada. Denbora honetan, auzia lantzeko, bi bide ikusi ahal izan ditugu.
Helburu ezkutuak bilatuz, gure pertsonak eta Altsasuko herria, inongo lotsarik gabe, kriminalizatu dutenak daude alde batean: Estatuko zutabeetako bat (estatuko segurtasun indarrak,alegia), defendatzeko, hasieratik gezurra den istorio bat asmatu,elikatu eta ontzat eman zuten. Epaiketan, hasieratik erabili zuten bertsioa, asmakizun bat zela, argi islatu zen arren, zigor gogorrak ezarri zizkiguten, horrekin, gazteria eta herria beldurtuko zutela pentsatuz. Gainera, momentu horretara arte, jasotako guztia, modu batean edo bestean justifikatu behar zuenez, Audientzia Nazionalak denok dakigun moduan jokatu zuen. Muntaia hau sustatzeko bidean, komunikabideek, asko lagundu zuten hasieratik gure izen eta irudiak argitaratuz, Guardia Civilaren bertsioari men eginez, Altsasuren irudi fantastiko bat asmatuz…… Jarrera deitoragarri hau salatzea, besterik ez dugu.
Beste aldean, guzti horren aurrean, batu ziren Altsasuarrak. Herriaren irudia eta hainbat bizilagunen kontrako auzian, proportzionaltasun falta ikusi, guzti horri aurre egin behar zitzaiola ikusi zen. Geroztik, egin den lana, ikaragarria izan da, Estatuko eta Europako herri askotan, auziaren informazioa zabalduz, gurekiko elkartasuna handitzea lortu delako. Eginiko lan guztiak, ondorio positiboak izan ditu. Espetxealdia, iritsi zenean, manifestazio jendetsuak egin ziren eta horiek, abenduan gutako lau askatasuna berreskuratzeko lagundu zuela, uste dugu.
Epaiarekin batera sortutako samina erakusteko, Nafarroan, inoiz eginiko manifestazio handienetariko bat antolatu zen, eta hau, Euskal Herrira ekarriak izateko, bultzada bat izan zela deritzogu. Euskal Herriratuak izatea, oso positiboa izan da guretako. Astebururo, familia eta lagunek, gu ikusteko, ehunka kilometro egin behar ez izateak, lasaitasun handia da guretako, istripu eta antzekoak izateko arriskua murriztean, izaten dugun urduritasuna desagertzen delako hein handi batean. Horretaz aparte, 7ak espetxe berean gaude eta honek, arlo pertsonalean asko lagundu gaitu, bakoitzak bi urte hauetan izan ditugun sentipen, ezinegon eta bizipenak, errealitate berdina sufritu duen eta sufritzen dagoen norbaitekin partekatu ahal izan dugulako, bakoitzaren sentimendu eta iritziak inongo beldurrik eta erreparorik gabe azaleratuz.
Horregatik, gurekiko elkartasuna eta babesa, modu ezberdin askotan, adierazi diguzuen Kolektibo,Talde eta norbanako guztiei, esker onak eman dizkizuegu. Altsasuko Aske plataforma eta gure gurasoek egindako lanak, aparteko aipamen bat behar duela uste dugu. Lanean, ehunka ordu aritu dira eta milaka kilometro egin dituzte, auzia ahalik eta gehien zabaltzeko, eta hainbat eztabaida mahai gainean jartzea lortu dute. Zuek haiei emandako indarra, beharrezkoa izan da oraindik ere temati jarraitzeko. Honek guztiak, indarrez betetzen gaitu, espetxearen egunerokotasunari aurre egiten laguntzen gaituela. BERAZ, BIHOTZ BIHOTZEZ, ESKERRIK ASKO DENOI!!!
Ikusi dugunez, batasunak, helburuak lortzea ekartzen du. Oraindik ere, etapak gogorrak gelditzen zaizkigu, hainbat helegiteri aurre egin behar diegulako. Zentzu horretan, urteetan ikusi dugun bezala, Espaniar estatuan ohikoegiak izan dira behin-behineko espetxealdi luzeak sufritu eta gero, hauek bidegabeak izan zirela edota epaiketetan gutxieneko bermeak errespetatu ez zirela ebazten zituzten estamentu judizial altuenen epaiak.
Gure kasuan, premiazkoa da egoera lehenbailehen bere onera bueltatzea eta aske ateratzea, urte batzuetan arrazoia ematen digutenean, beranduegi izango delako. Honetarako, auzia ez ahazten saiatu behar gara, eta jardunaldi hauek horretan laguntzen dute. Beste aldarrikapenak alboratu gabe, borrokatzen jarraitu behar dugu, etorkizun batean benetako justizia izatea nahi badugu. Orain arteko bidea egiten jarraitu behar dugu, Altsasutik kanpo datozen erasoei, direnak direla ere, arreta jarri gabe.
ANIMO ETA AURRERA! ESKERRIK ASKO BENETAN!
¡GORA ALTSASU !
ALTSASUKO 9ak