Ostiralean zabaldu ziren jardunaldiak gazte eragileen tailerrarekin. Hainbat iritzi eta hausnarketa partekatu zituzten. Bestalde, gizarte eragileen mahai-inguruan bi ideia nabarmendu ziren. Batetik, Altsasuko auziaren inguruan ongi egindako gauzak: mezu indartsua eta zuzena emateko gaitasuna. Eta, bestetik, beste borroka batzuekin sareak sortzeko beharra aipatu zituzten.
Lege arloa aztertzeko mahaian Garbiñe Biurrun epaileak adierazi zuenez, “zer gertatuko den aurreikustea zaila da. Espero dut Espainiako Auzitegi Nazionalean terrorismoa ez dela ezarria egonen. Epaiak argi utzi zuen, baina arriskua hor dago”. Izan ere, fiskaltzak bere helegitean terrorismo birkalifikazioa eskatu baitu. Biurrunen iritziz, “behin behinean kartzelan bi urte egotea denbora asko da. Are gehiago, bidegabekeria baten zati sentitzean. Berehala bukatu beharko luke. Espetxealdiak ez luke gertatu beharko”. Apelazioaren eta Espainiako Auzitegi Gorenera aurkeztuko den kasazioaren ondoren “zentzua egotea” espero du epaileak. Biurrunek Espainiako Auzitegi Nazionala ezabatu beharra dagoela esan zuen.
Amaia Izko abokatuak esan zuenez, “Espainian desbideratze bat gertatzen ari da, helburua duena gizartearen erantzun erradikal guztiak terrorismo delitutzat hartzea”. Zigor Kodeko 573 artikuluaren kontra egin zuen. Soledad Barber Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak epaia “kontakizun nobelatutzat” jo zuen eta “egilekide” kontzeptua zalantzan jarri zuen: “horretarako, aurretik akordioa eta funtzio banaketa egon behar da. Eta hori ez dago frogatuta”. Barberrendako “kontakizunarekin bat ez datozen delituak batuz jarri zen zigorra”. Zigor handiak izateko larrigarrien erabilera ere salatu zuen. Olga Rodriguez penalistak auzia Madrilen epaitzea “bidegabetzat” jo zuen, “ egindako delituak ez ziren hain larriak, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak, berez, delituen larritasuna bereganatua du”. Behin-behineko espetxealdiaren “abusuzko” erabilera egin dela gaztigatu zuen.
Mariano Ferrerrek hedabideen inguruko mahai-ingurua gidatu zuen. Gaia hobeki ulertzen saiatu ziren eta, bestetik, “gauza batzuk onartezinak dira esateko gogoa zegoen”. Parte hartu zuten kazetarien ustez argi dago, “frogak ikusita, liskarra ez zela planifikatuta egon. Planifikatuta dagoela dirudiena kontakizunaren eraikuntza da. Gertatutakoaren kontakizunean proportzionaltasunean huts egin du”. Hedabide handiek kontakizun hori “mantendu” egin dutela dio eta beste batzuk “benetako kazetaritza” egin zutela nabarmendu zuten. Ferrerrendako interesgarriena publikoa izan zela aitortu zuen: “ziurrenik lehendik zekizkiten gauzak entzutera gaur etortzea, kontzientzia hartzearen adierazle da. Gaiari garrantzia aitortzen diote eta babestu beharreko gaia dela uste dute”.
Europako mahai-inguruan politikariek parte hartu zuten. Maite Molaren (Europako Ezkerreko Plataforma) iritziz, gurasoek “indar progresistek egoki egiten ari ez garen gauza bat egiten ari dira: borrokatu”. Molaren ustez, Altsasuko auzia “giza eskubideen kontrako eraso argia eta basatia da”. Joan Tardak (ERC) Espainiako demokrazia kalitatea zalantzan jarri zuen, “low cost demokraziatzat” jo zuen. Jon Juaristik (EH Bildu) aitortu zuen auziaren inguruan jendea “aktibatu” dela, baina gakoa aktibazio hori Europarako saltoarekin nola uztartu dela esan zuen.
Gaztelu plazan
Informazio eta salmenta gunearekin batera, ziega bat irudikatu zuten. Handik 24 pertsona pasa ziren, ordu erdiko txandak eginez. Horrela, Adurrek, Jokinek eta Oihanek preso daramatzaten bi urteak irudikatu zituzten. Larunbat iluntzean haren ondoan markagailuak hiru datu ematen zituen: 734 egun preso, 407.000 km presoak bisitatzera egindakoak eta 99.000 euro gastatu direnak bisitetan. Elias Taño irudigilea ere Iruñean izan zen eta murala margotu zuen. Beste irudi batzuetan auziak bi urtetan egindako bidea errepasatzeko aukera zuen bisitariak. Ostirala despeditzeko afaria, bideo emanaldia eta kontzertua izan ziren.
Larunbatean, 17:00etan, kontzentrazioa egin zen Iruñeko Gaztelu plazan. 2.500 bat pertsona elkartu ziren 2 urte, txarrenari onena atera diozu. #AltsasukoakASKE leloa zuen pankartaren atzean. Haren bukaeran epaitua izan ondoren aske gelditu zen Ainarak hitza hartu zuen eta gainontzeko auzipetuekin idatzitako idatzia irakurri zuen. Altsasuko auzia hainbat arlotako muntaia dela berretsi ondoren, haren aurrean altsasuarrak batu izana goraipatu zuten. Jendearen mobilizazioek lehenik haietako lau askatzeko eta gero guztiak Euskal Herriko espetxetara ekartzeko balio zutela nabarmendu zuten. Haiei “hainbat modutan adierazitako elkartasunagatik, eskerrik asko” esan zuten.
Aurretik “etapa gogorrak” daudela gaztigatu zuten. “Premiazkoa da egoera lehenbailehen bere onera bueltatzea eta aske ateratzea, urte batzuetan arrazoia ematen digutenean,beranduegi izango delako. Honetarako, auzia ez ahazten saiatu behar gara,eta jardunaldi hauek horretan laguntzen dute. Beste aldarrikapenak alboratu gabe, borrokatzen jarraitu behar dugu, etorkizun batean benetako justizia izatea nahi badugu”.
Altsasuko Gurasoak taldeko ordezkariek, atzera ere, “maiuskuladun Justizia” aldarrikatu zuten. “Ezin izanen dugu sekula ahaztu jasotzen ari garen elkartasuna eta babesa”. Preso dauden semeendako ere mezua izan zuten: “tinko eutsi. Segi irribarre egiten, ikasten, kirola egiten… Berandu baino lehen iritsiko baita eguna”.
Altsasukoak aske herri asanbladak “mobilizazioekin segitzeko konpromisoa” adierazi zuten. Eta mobilizazio hori Euskal Herrian eta beste herri batzuetan “jende andanak” eginen duela, “gure gazteak Altsasura ekarri arte”. Gaineratu zutenez, “jakin baitakigu mobilizazioa, salaketa eta elkartasuna gure indar-gunea direla; injustizia honekin bukatzeko ezinbestekoak direnak”. Asteburuko jardunaldiak “halakorik berriro gertatzea ekiditen saiatzeko” zirela nabarmendu zuten. Azkenik, Justizia aldarrikatu zuten.
Argazkiak: @Altsasugurasoak eta @EntzunAltsasu.