Ospak asteburuko gertakariak salatu ditu

Guaixe 2018ko aza. 21a, 11:26

Guardia Civileko agentean Gartzia Ximenez kalean azaroaren 4an.

EH Bilduk Espainiako Gobernuari galderak egin dizkio.

Igande goizaldean Altsasuko bi tabernatan kalez jantzitako bi guardia civilen jarrera salatzeko oharra argitaratu du Ospa mugimenduak. Bere kideek adierazi dutenez, “errepresioa ez zen hasi 2016ko lastaileko gau horretan izandako muntaiarekin eta ez da bukatuko kasu horrekin. Errepresio indarrek inpunitate osoarekin jarduten dute Euskal Herri langilearen kontra”. Ospa mugimendutik azaldu dutenez, “errepresioaren aurrean kolektiboki hausnartzeko, antolatzeko eta lan egiteko beharra agerian uzten du, errepresioaren jatorria zehaztuz eta suntsituz”. Errepresio indarrek alde egin beharra berretsi dute Ospatik eta haiei aurre egiteko “kolektiboaren indarra” aldarrikatu dute.

Bestalde, EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak Espainiako Gobernuari galderak egin dizkio: Altsasuko salaketaren berri badu gobernuak? Guardia Civila Altsasun liskar arrazoi ez izateko neurririk hartuko du Gobernuak? Altsasu herria erabiltzeari uzteko zer eginen du Gobernuak?