Ez dakit aurreko astean Guaixe irakurtzeko aukera izan zenuten, baina, gomendatzen dizuet bistadizo bat botatzea Raf Atxurik idatzitako “C´s-eko legioari galdera zenbait” zutabeari. Botatzen dituen galdera samaldarekin asko esaten du. Normalean ez ditut aldameneko zutabegileen burutazioak aipatzen, baina Altsasu bere osotasunean hartzeko galdera interesgarriak, iradokitzaileak eta eraikitzaileak direlako ekartzen ditut berriz ere hona. Honatx nire irudipenak (irudikeriak, agian) eta burutazioak:
Lehenik, galderez baliatuz, mahai-joko moduko bat egiten du, “Altsasu-Alsasua” fenomenotik harago herriaren nor-tasun argi eta garbia azaltzeko eta herritarrak ezagutzeko. Galdera horiekin guztiekin eta beste hamaika gehiagorekin ere, tribial modukoa egin daitekeela uste dut, herria ikustea, ezagutzea eta entzutea nahi duen ororentzat.
Bigarrenik, artikuluari amaiera ematen dion esaldia irakurri dudanean, “Zergatik ez duzue ikusten, zergatik ez duzue ikasten? Zergatik ez duzue entzuten? Zergatik ez diozue bake pixka ematen munduari?”, tximuen irudi ospetsua etorri zait gogora. Galdera horiekin hiru tximu elkarren ondoan jarrita azaldu zaizkit: bata belarriak eskuekin estaliz, erdikoa ahoa estaliz eta hirugarrena begiak tapatuz.
Hirugarrenik, zer, non, nor, noiz eta nola galderez baliatzen da, kazetariek, Euskaraldirako sortutako bideo tutorialean edota jakintza gosez dauden pertsonek egiten duten antzera.
Eta azkenik, herri nor-tasuna eta identitatea hizpide jartzen du. Honek, tentazioa sortu dit galdera horiek guztiak eta sor daitezkeen gehiago gaika sailkatzeko. Eta horretarako, neroni ere galderak egiten hasi naiz. Bada Raf-en testu honetan hizkuntzari erreferentzia egiten dion galderarik? Eta gastronomia, artea, tradizioak edo kirola bezalako kultur adierazpenen ezagutza neurtuko duen galderarik? Eta nortasuna edo beste gizarte gai batzuen inguruko galderarik? Nik esango nuke baietz.
Euskaltasuna eta euskal kultura aztertzen eta ikertzen dutenen antzera egin daiteke hemen ere, Altsasuartasuna eta herri izaera azaleratu eta kanpotik hautematen dena hankaz gora jarriz.