Etxegabeen aterpeko lanak aste honetan hasiko dira

Guaixe 2018ko aza. 26a, 09:44
Etxegabeen aterpea hartuko duen eraikina.

Kamineroena zen etxebizitza bat etxegabeen aterpe berria izanen da heldu den urtetik aurrera. Etxebizitza egokitzeko lanak Erki Construcciones Sostenibles enpresak eginen ditu 108.661 euroren truke (BEZ kanpo). Lanak heldu den astean hasiko dira eta urte akaberarako despedituta egon beharko dira. Bestalde, pasa den astean despeditu zituen Excavaciones y Transportes Orsa enpresak Altsasuko kale batzuetako zorua eta seinaleztapena berritzeko lanak. 61.468 euro (BEZ kanpo) jaso ditu horien truke.

Bestalde, argindar kontsumoa murriztu eta faktura txikitzeko inbertsioak egiten segitzen du Altsasuko Udalak. Iortia kultur guneko eta Zelandi kiroldegiko argiteria aldatzeko lanak Ramos enpresari eman dizkio. Altsasuko enpresak lan horiengatik 33.122 eta 53.876 euro jasoko ditu (BEZ kanpo). Ildo berean, Beikolarren, Ibarrean, Ameztian, Intxostian, Altsasu institutuan, Zubeztian, Beheko Bentan, Gurutzeko bidean eta Ondarria industrialdean argiteria publikoaren kanalizazioa berritzeko, LED argiak jartzeko eta Ibarreako, Ameztiako, Zubeztiako eta Ondarriako aginteak berritzeko lanen deialdia egin du udalak. 453 argi puntu jarriko dira guztira. Lanek 325.580,94 euroko aurrekontua dute eta Tokiko Inbertsio Planean daudenez, % 70eko diru-laguntza dute. Lanak despeditu eta gero udalak jarritako potentzia % 75 murriztu eta urteko faktura 100.000 eurotan utziko du.

Erlazionatuak