Altsasun sortu zen haurrendako emakumeendako pilota eskola sortzeko asmoa. “Altsasuko Udala kirol eskoletako partaidetza aztertzen ari da, nesken eta mutilen arteko desberdintasunak geroz eta txikiagoak izatea nahi dugulako, hortaz, nesken parte-hartzea sustatu nahi dugu. Hainbat kiroletan lortu dugu. Esaterako, saskibaloian edo irristaketan emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira eta igeriketan, atletismoan, taekwondoan…partaidetza paretsua da. Baina hainbat kiroletan, tartean pilotan, desberdintasuna oso nabarmena da. Esaterako, pilotan aurreko urtean ez zegoen neskarik. Aurretik egon ziren, baina iaz ez. Eta hori guztia aztertzen aritu gara Udalean” azaldu zuen Beleixe irratian (FM 107.3) Altsasuko Udaleko kirol teknikari Sara Salazarrek.
Duela bi urte emakumezkoen futbola sustatzeko eskaintza zuzena egin zen Altsasun. “Emakumeei propio zuzendutako eskaintza egin zen, emakumezkoen futbol eskola sortzearena, Sociedad Deportiva Alsasuarekin (SDA) batera, eta oso esperientzia positiboa izan zen, eskola mailan emakumezkoen talde bat baitugu, Emakumezkoen Futbol 8 mailan aritzen dela. Horretaz gain, SDAko Altsasu taldea dago, Emakumezkoen Erregionalean lehiatzen dena. Eta futbolarekin egin genuen gauza bera egin dugu pilotarekin, uste dugulako modu hoberena dela nesken taldea sortzeko: emakumeendako pilota eskola eskaintzea” gaineratu du Salazarrek.
Bi eskola: haurrak eta gazteak
Urrian hasi zen emakumeendako pilota eskola, 15 urte bitarteko neskei begira (2002-2009 urteen artean jaiotakoak). Altsasuko Udalak eskaintzen du, Pilotajauku klubaren laguntzarekin. “Bost neska daude entrenatzen Lander Goñi monitorearekin, baina taldea zabalik dago, talde eder bat sortu nahi dugulako. Asteartetan 17:00etatik 18:00etara eta ostiraletan 18:00etatik 19:00etara entrenatzen dute, Altsasuko Burunda pilotalekuan” aipatu du Salazarrek.
Haurrendako taldearekin batera, 16 urtetik gorako gazteen emakume pilota eskola sortu da Altsasun. “Nafarroako Gobernuak eta Pilota Federazioak berak interesa dute pilotan emakumeen partaidetza bulkatzen. Ildo honetan, gazte batzuk eskatu zuten adin gehiagoko neskendako pilota eskola sortzea, gazteen eskola. Eta eskola eskaini dugu, Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin. Horrela, Lander Goñirekin ostiraletan, 19:00etatik 20:00etara trebatzen dira 16 urtetik gorako neskak” azaldu digu teknikariak.
Hurbildu, ikusi eta animatu
Haur edo gazte, emakumeengan pilotarekiko zaletasuna bulkatu nahi dute. “Interesa dutenak, nahi dutenak, hurbildu daitezela Burunda frontoira entrenamendu orduetan, ikus dezatela eskola zein den eta animatu daitezela. Eta ez bakarrik esku pilotan, erremintan interesa dutenak ere agertu daitezela. Hori da kontua, frontoira hurbiltzea, ikustea, eta gustuko badute, izena ematea” nabarmendu du teknikariak.
Haurren eskolan izena eman nahi dutenek (15 urtera arte) Altsasuko Udaleko kirol zerbitzura jo behar dute (948 468 343), eta gazteen eskolan izena eman nahi dutenek (16 urtetik gora) Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura (948 464 866).