5. edukiontziaren ezarpena Altsasun

5. edukiontzia bidea egiten, motel

Guaixe 2018ko abe. 1a, 10:01

Emakumea edukiontzi marroi baten paretik pasatzen. Artxiboa.

Etxeko materia organikoa gaika bildu eta gero bosgarren edukiontzian utzi edo auto- edo auzo-konpost egin nahi dutenek 900 730 450 doako telefonora hots egin dezakete.

Sakanako Mankomunitatearen eta Altsasuko Udalaren hitzarmenari segituz, Mank-ek 140 bat  edukiontzi marroi jarri zituen Altsasun eta ilbeltzaren 18an hasi zen haietan zegoena jasotzen. Mank-en Hondakin Zerbitzutik jakinarazi digutenez, gaur egun Altsasuko 652 etxebizitza daude 5. edukiontzian izena emanda. Altsasun dauden 3.790 etxebizitzen % 17,2 da hori. Materia organikoa euren etxean konpostatzen duten 129 etxe daude Altsasun. Bi auzo-konpostagailu daude herrian eta haien erabiltzaileak 38 dira. Zerbitzutik argitu dutenez, aukera hori zenbait erabiltzailek utzi egin dute 5. edukiontziaren alde egin dutelako.

Modu batera edo bestera materia organikoa egoki banatzen duten Altsasuko etxebizitzen kopurua 819 da, % 21,6. “Banatutako materia organikoa oso kalitate onekoa da, egin diren karakterizazioetan %99ko eta %100eko purutasunaren artean eman izan du” esan digu Beñat Agirre Bengoetxea teknikariak.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren arabera Altsasun hondakinen gaikako bilketa % 65koa izatea nahi dute urte akaberarako. Gaur egun kopurua % 36,5ekoa da, 2016an baino ia % 10 gehiago. Baina Sakanako joan den urteko % 55,99aren azpitik (atez ateko herrietan % 78,11, eredu mistokoetan % 63,75 eta Irurtzunen % 39,68).  

Hori lortzeko ezinbestekoa etxetako materia organikoa egoki bereiztea da, sortzen diren hondakin guztien % 40 baita. Horregatik, hondakinak behar bezala bereizteak berebiziko garrantzia du. Ezarritako helburua lortzeko Altsasuko etxebizitzen % 60k eman beharko lukete izena eta, esan bezala, momentuz % 21,6 besterik ez du pauso hori egin.

117.000
Banatzea lortu diren materia organiko kiloak, zabortegira joan ordez, birziklatu ditu eta biogasa eta konposta egin dena.

Erlazionatuak