Escamot Catala taldeko kideek leku bat aukeratu eta dantzan jartzen dira, inguruan daudenak dantza egitera animatuz. Pasa den aste akaberan Euskal Herrian izan ziren eta Altsasun geldialdia egin zuten ostiralean. Kultur guneko zabalgunean jarri eta handik pasatzen zirenak eurekin dantzatzera eta euskal kantak abestera animatu zituzten.
Taldeko kide guztiek Kataluniako preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko zapi horia zuten jantzia. Haietako batzuk Altsasuko Gurasoen ordezkari batzuei oparitu zieten. Taldea Altsasun agertzearena ez zen kasualitatea izan, herriari elkartasuna adierazi nahi izan baitzioten. Haietako batek esan zuenez, “Altsasuko auzia tabernako liskar bat da. Aspaldi dakit berdin dela errugabeak direla jakitea. Berdin dio probek errugabeak direla esatea. Hori bezain gordina da. Francesc Arnau gizarte abokatuak zioen moduan: pistolak dituztenek dute boterea. Eta kitto”.
Kataluniatik etorritakoak eskaera egin zuen: “benetan gertatzen ari dena, gertatzen zaizuena, detaile guztiekin kontatzeari ez utzi. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi behar du tabernako liskarra bategatik zortzi gazte atxilotu zituztela eta terrorismo delituak egotzi zizkietela, zergatik eta liskarrean bi gaurdia civil zeudelako”. Auzipetutakoekin epaitegiek hartutako neurriak eta ezarritako zigorrak “guztiz neurrigabeak” direla gaineratu zuen. “Hedabideen eta polizia muntaiaren aurrean, atsedenik gabe, gertatzen ari dena kontatu behar da. Segi. Ongi ari zarete”.
Bitartean Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri asanbladako kideak Durangon izan dira azoka ospatzen zela, ostegunetik larunbatera. Hirugarren urtez salmahaia Andra Mari elizaren estalopean jarri zuten eta han auziari buruzko informazioa eman eta materiala saldu zuten.