2014ko udaltzain deialdian aurrera pausoa

Guaixe 2018ko abe. 14a, 11:54
Gizona udaltzainen ibilgailu ondotik pasatzen.

Nafarroako Gobernuak oposiziorako deialdiaren onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onartu ditu. Udalak beste bi agente aukeratu ditu eta beste bi kontratatzeko deialdia onartu du. Gauzak ongi, 7ak Nafarroako Segurtasun Eskolara apirilean sartuko lirateke eta azaroan herrian lanean hasi.

Hainbat udalekin batera, Altsasuko Udalak, Nafarroako Gobernuaren bidez, udaltzainak kontratatzeko oposizio-deialdi bateratua egin zuten 2014an. Altsasuren kasuan hiru agenteren postuak betetzeko deialdia zen. Administrazio prozeduran aurkeztutako helegiteak direla eta prozesua asko luzatu da. Nafarroako Aldizkari Ofizialak asteartean jakinarazi zuen Altsasuko Udaltzaingorako oposiziorako deialdiaren onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak. Interesatuek 10 egun balioduneko epea dute erreklamazioak egiteko, eta hala badagokio, egindako akatsak zuzentzeko. Sei gizonezko eta emakumezko bat dira onartutakoak.

Udaltzaingoak egunero goiz eta arratsaldez zerbitzua emateko 7 agente behar dituela jakinarazi du Javier Ollo Martinez. Aipatu oposizioaren bidez 3 iritsiko dira. Ollok pozik hartu du zerrenda argitaratzearen berria. Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) esan duenez, “bazen garaia. Urte asko pasa dira. Nafarroako Gobernuak prozedura guztia aurrera eman nahi du apirilean hiru pertsona horiek Nafarroako Segurtasun Eskolan sartzeko”. Hala balitz, herrian azaroan lan egiten hasiko lirateke.

Ikastetxe horretan apirilean ziur sartuko direnak azken deialdian onartutako 2 agenteak dira. Bi horiek azaroan herrian lanean ziur hasiko direla esan du alkateak Sakanako irrati euskaldunean. Azkenik, udalak beste bi agente kontratatzeko oposizio-deialdia egitea onartu du. Hala 2017an jubilatutako agenteak ordezkatuko dituzte. Gauzak ongi, oposizioa apirilerako despedituta egonen da eta aukeratutako gainerakoekin batera Nafarroako Segurtasun Eskolan sartuko lirateke. “Horrek esan nahi du heldu den urteko azaroan, agian, 7 agente berri izanen ditugula. 2 seguru”. Alkatearen ustez udaltzaingoa goiz eta arratsaldez zerbitzua ematen 2020an ikusiko da.

Bitartean, gaur egun, Altsasuko Udaltzaingoa 2 laguntzailez osatuta dago. Segurtasun publikoa bermatzea beharrezkoa zela iritzita Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu zuten. Horren bidez Foruzaingoak Udaltzaingoaren funtzio batzuk beretako hartu ditu garagarrilaren akaberara arte eta horren truke udala gobernuari pagatu egiten dio.