Udalaren eta Foruzaingoaren arteko hitzarmena luzatu egin da

Guaixe 2018ko aza. 7a, 08:58
Foruzaingoaren autoa Altsasuko kaleetan barna.

Udaltzain nahiko ez daudenez, haien zeregina betetzeko akordioa urtearekin batera despeditzen zen. Plazak oraindik bete ez direnez, foruzainen egitekoa garagarrila akabera arte luzatuko da.

Foruzaingoak urte bat eginen du Altsasuko udaltzainen lana egiten. Udalak eta Nafarroako Gobernuak garilaren 1ean indarrean sartu zen elkarlan-hitzarmena sinatu zuten. Haren arabera, Foruzaingoak Altsasu patruilatu du, “kalitatezko segurtasun zerbitzu publikoa eman eta Altsasun segurtasun publikoa bermatzeko”. Nafarroako Gobernuak pasa den asteazkeneko bileran erabaki du akordioa garagarrilaren 30era arte luzatzea. Horregatik, 72.800 euro pagatuko dizkio udalak gobernuari.

Altsasuko Udalak nahiko udaltzain ez ditu eta Javier Ollo Martinez alkateak hitzarmena behin-behineko neurria zela nabarmendu zuen. Ollok azaldu digunez, azken kaboa jubilatu ondoren, gaur egun Udaltzaingoa bi laguntzaileek osatzen dute. “Bi lanpostu betetzeko aurtengo deialdiak ongi joan dira. Nafarroako Segurtasun Eskolara joanen diren bi pertsona ditugu. Han hilabete batzuk eginen dituzte eta, ondoren, hona lanera etorriko dira”. Biek 2014an eta 2017an jubilatutako bi udaltzainen postuak beteko dituzte. Ollok gaineratu duenez, “orain, segur aski, bi lanpostu betetzeko deialdia eginen dugu berriro. Espero dugu hurrengo urteko azken hilabeteetan hiru edo lau agente berri izatea”.

Alkateak aurreratu digunez, aurki Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2014ko udaltzainen deialdi batera aurkeztutako behin-behineko pertsonen zerrenda argitaratuko du gobernuak. “Esan digutenez apirilerako edo maiatzerako prozesua bukatuta egotea espero dute”. Deialdi horren bidez Altsasuko Udalak hiru udaltzain postu bete nahi izan zituen. Zazpi agenterekin aste guztian goiz eta arratsaldez zerbitzua emanen luke udalak.