Biak Bat-en animalia taldearen mantenuaren aldeko diru-bilketa

Guaixe 2018ko abe. 15a, 09:37

Behar bereziak dituzten pertsonekin terapia egiten duten animalien mantenuan laguntzeko #GivinBiakBat jarri du elkarteak, horrela elkartearen onura jende gehiagorengana iristeko.

Biak Bat elkarteak bere lan taldean dituen animaliak mantentzeko diru bilketa egiten ari da. Horretarako, talde-finantzaketa edo crowdfunding kanpaina martxan jarri dute www.migranodearena.org plataformaren bidez. Helburua 5.000 euro eskuratzea ilbeltzaren 15erako. Ekarpenak egiten dituzten pertsonek elkartearen zortzi animalien ongizatean eta mantenuan lagunduko dute. Besteak beste, albaitariarenera bisitak, txertoak, elikadura eta bestelakoetarako ekarpena eginez.

Elkarteko psikologo eta animaliekin esku-hartzeetan aditua den Josune Azpiroz Imazek Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) azaldu duenez, “jendeak emandako dohaintzekin elkartearen gastuak murrizten dira eta, horrela, jende gehiagorengana iristeko aukera dugu”. Azpirozek elkartearen nahia zein den argitu du: “gure zerbitzua ez dadila soilik baliabideak dituzten familiendako edo pertsonendako izan. Denen artean baliabideak jartzen baditugu pertsona gehiagorengana hel gaitezke. Askotan zailtasun handiak dituzten pertsonengana. Zerbitzua jasotzea behar duzu eta nahi duzu? Bada, denon artean ekonomikoki irisgarria izatea lortuko dugu”. Sakanako familiei erraztasunak ematen dizkiete, “ahal dugun guztia prezioa murriztu, uste dugu agian hemen zerbitzu espezifiko gutxi daudela eta ahal dugun guztia erraztu behar dela”.

Elkarteaz
Azpiroz Imazek gogorarazi duenez, eurena irabazi asmorik gabeko elkartea da, Altsasun 2011n sortu zena. Haren helburua behar bereziak dituzte pertsonen bizi kalitatea hobetzea animaliekin egindako terapien bidez. Animaliak lagundutako terapiak egiten edo hezkuntzan aritzen dira batez ere. Azpirozek Sakanako irrati euskaldunean azaldu duenez, “animaliek ez dute epaitzen, pertsonari konfiantza ematen diote. Ez dute, guk bezala, etengabe eskaerarik egiten. Guk nabaritzen duguna da pertsonak terapia prozesu bat hasten duen momentuan ematen duten konfiantza eta motibazioa da. Ez dute terapia arrunt baten moduan ikusten, baina atzean psikologoak eta beste profesionalak gaude”.

Aita Barandiaran adinduen egoitzan azaroan egin dituzten saioak gogorarazi ditu Azpirozek: “haien bizitzetan monotonia handia dute, bakardadea sentitzen dute… Beti bere errutinan. Euren bizitzako azken fase horretan sartzen diren pertsonak dira”. Horrek, emozioen aldetik depresioa edo antsietatea eragin dezakeela gaztigatu du Azpirozek. “Guk egiten ditugun bisita horietan haien mundutik ateratzen direla ikusten dugu. Batzuetan gure arazoetan oso barruan sartzen gara eta txakurrarekin joaten garenean, lehenengo gauza, irribarrea ateratzen zaie nahi gabe eta txakurrekin jolasteko edo elkarlanean gogoa sortzen zaie”. Horrelakoen bidez arreta lantzen dute. “Haien arteko erlazioak handitzen dira. Zer txakur izan dituzten gogoratzen hasten dira, haiekin nolako istorioak zituzten gogoratzen dute eta, agian, ondokoari kontatu. Eta gu sartu aurretik, agian, bakoitza bere munduan zegoen”. Azpirozek dioenez, “horrek sortzen duen estimulazio globala oso positiboa da adinduetan”.

Haurrekin lan egiten dutenean gerta liteke terapia askotara joatea eta gogorra izatea. “Gure kasuan, jolasen bidez, txakurrak edo katuak motibazioa lantzen da”. Esaterako, hitz egiteko arazoak dituztenak errazago izaten da. “Konfiantza ematen die eta naturaltasunez haiekin erlazionatzen dira eta helburuetan aurrera egiteko oinarria da hori”. Biak bat elkarteko kideak azaldu du animalien bidez pertsona askorengana iritsi daitezkeela. “Depresioa, esaterako. Fokua aldatzen dute eta gauzak egiteko gogoa ematen digute animaliek: kalera ateratzea, zaintza lanak egiteko… Hori da gure lanaren oinarria: pertsonen eta animalien artean sortzen den erlazio horren bidez gure helburuak lortzen saiatzen gara”.

Biak Bat elkarteak terapiak egiteko sei txakur eta bi katu ditu. Azpirozek esan duenez, “gure helburua litzateke beste espazio bat izatea eta animalia gehiagorekin lan egitea. Animalia bakoitzak bere izateko modua du eta horrek aukera gehiago ematen dizkigu”. Elkartearen protokoloaren arabera txakurrak hezleekin bizi behar dute. “Ez ditugu txakurtegi batean eta terapiarako ateratzen, ez. Gurekin bizi dira, gure lankide eta bizikideak dira. Haien ongizaterako garrantzitsua da. Lan egiterakoan, profesionalaren eta txakurraren arteko elkarlanean, konfiantza gehiago suposatzen du”.



Giving Tuesday
Edo emateko asteartea. Egun horren harira ekin zion talde-finantzaketa kanpainari Biak Bat elkarteak. Azpirozek azaldu duenez, “mugimendu globala da, ostiral beltzari lotuta dagoena. Ostiral beltza kontsumitzeko eguna da. Deskontu asko dituzu, baina helburua kontsumitzea eta dirua gastatzea jakin gabe zer eta nola. Astelehenean ciber monday da ere”.

Horri buelta eman eta givingtuesday edo emateko asteartea nazioarteko eguna dago. “Zer emateko? Hainbat kasu daude. Izan daiteke denbora, izan daiteke dirua, izan daitezke bestelako baliabide materialak… Elkarte bakoitzak zehazten du zer behar dituen eta mugimendu horren barruan erronka bat planteatzen du. Eta bere elkarteak proiektu zehatz bat aurrera eramateko zer behar duen zehazki eskatzen du. Kontsumitu ordez zure denbora edo dirua gizartearen alde lanean ari den elkarte bati ematea da”.  Eta gaineratu du: “guztiok pixka bat ematen badugu gauza handiak egin daitezke. Baliabide asko behar ditugu gauzak aurrera eramateko eta batzuetan oso zaila da lortzea”. Beraz, jendeak ostiral beltzean gastatu behar duen diruari beste erabilera bat emateko deialdia egin zuten.

Hura pasatuta Biak Bat elkartea lagundu nahi dutenek aipatutako talde-finantzaketa kanpainan parte hartu dezakete. Bestela, haien eguberritako loteria eskuratu daiteke. Haren bidez jasotako dirua elkarteak animaliekin lagunduta egiten dituen gizarte proiektuetako esku-hartzeak finantzatzeko izanen da.