Sakana Trenaren Alde plataformak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuari 2.852 alegazio aurkeztu zizkion. Haietatik soilik 199 ziren Altsasun jasoak. Eta horrek zenbaiten artean arreta piztu zuen. AHT egitasmoaren kontra jendea aktibatzeko asmoz Altsasun antolatzea erabaki zuten. Eta tren egitasmoaren kontra eginen duen taldea eratzeko lanean aritu dira ordutik, euren iritziz AHT egitasmoa “antisoziala, ekologiaren kontrakoa eta baliabide ekonomikoen xahutzailea delako”
Altsasuko plataformaren jendaurreko aurkezpena asteazkenean eginen dute. Sakana Trenaren Alde plataformako Altsasuko kide batek hartuko du hitza. Baina beste bi hizlari ere izanen dira. Batek Arabako Lautadako borrokaren nondik norakoak azalduko ditu, besteak beste, nola antolatu diren egitasmoari aurre egiteko. Besteak, berriz, AHTren egitasmoak Sakanan izanen duen eragina eta egiteko modua azalduko ditu.
AHTren kontrako Altsasuko plataformatik aurkezpenera joateko gonbidapena egin dute. Horrekin batera, jakinarazi dute gaztetxean pintxo-pote berezia egonen dela, gaur, 20:30etik aurrera. Aldi berean, AHT egitasmoa bertan behera uztea eskatzeko eginen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.