Espainiako Auzitegi Nazionalak udaberrian Altsasuko auziaz emandako epaiari defentsek, fiskaltzak eta akusazioek jarritako helegiteak auzitegi bereko apelazio salak aztertu behar ditu. Auzipetuta dauden zortzi altsasuarretatik seik epaimahaia aldatzea eskatu zuten auzitegiko Gela Berezian. Hiru epaileetatik bi Guardia Civilaren ohorezko dominak jaso dituzte: Enrique Lopez eta Jose Ramon Navarro. Abokatuek helegitea aurkeztu eta epaimahaia aldatzeko eskatu zuten: “Guardia Civilaren kondekorazioa jasotzea epaiketatik baztertzeko nahikoa ez dela esatean, aretoak berak aitortu du bere neutraltasun falta, helegitearen argudioak aztertu aurretik haietako baten gaineko iritzia eman baitu”. Abokatuen ustez gertaerek lotura zuzena dute Guardia Civilarekin liskarrean kaltetuetako bi agenteak zirelako, Asociación Unificada de la Guardia Civil elkartea akusazio partikular gisa ari delako eta Guardia Civilaren txostena terrorismo delitua egozteko oinarria izan zelako.
Bestetik Eloy Velascok, akusazio partikularra den Coviteren kongresu batean parte hartu zuen joan den urteko lastailaren 23an. “ETAren estelan ideologizatutako gazteen inguruan” adierazpenak egin zituen. Iruñean martxoan emandako hitzaldi batean epaiketaz hitz egin zuen eta Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismoaz Nafarroako Lurralde Auzitegiak baino ezagutza handiagoa zuela esan zuen.
Auzitegiak apelazioa aztertuko duten hiru epaileak mantentzea erabaki du. “Errekusazio idatziaren oinarri diren legezko bi arrazoiak ez dute inolako erlaziorik bertan esaten denarekin” eta aho batez baztertu dituzte. Hirugarren lege arrazoi bat baztertzeko argudioa izan da helegitea jarri zuten auzipetuek ez zutela auziarekin lotzen jakin. Salako kideen iritziz “dominak ordaindu gabeko errekonpentsa moral gisa ematen dira, merituak aitortzeko orokorrean, ez kasu jakin bategatik. Beraz, ezin da inpartzialtasun itxura litzatekeen kausa objektibotzat eta zilegi diren oinarritzat hartu”. Domina jaso duten epaileak baztertzeko datu objektiborik ez dagoela diote.
Velascoren adierazpenez diote: “orokorrean esan ziren eta auziaz guztiz aparte. Nahiz eta akusazio partikularra izan, Covitek antolatutako ekitaldi batean esan izana ere ez da aipagarria. Epaiketa hasi baino sei hilabete lehenago esan ziren. Erabateko oinarririk ez duen erabateko espekulazioa da” pentsatzea berak ustezko apelazio helegite baten berri izanen zuenik. Beraz Lopez, Navarro eta Velasco epaileak izanen dira epaia berraztertuko dutenak.
Isuna
Auzipetuen eskaera ukatzerakoan, gainera, honakoa gaineratu dute epaileak baztertzeko eskaeran “ez dute inpartzialtasun falta edo inpartzialtasun itxura datu objektibo eta lege oinarria dutenekin kreditatu; euren alegazioak zentzurik ez duten susmo, inpresio, uste eta duda pertsonalak besterik ez dira. Horiek autoen tramitazioan behar ez zen luzapena eragin dute, fede txarreko jokabidea hautematen da horregatik bakoitzari 600 euroko isuna zigortzen dugu”. Prozeduraren kostuak ere ordaindu beharko dituzte.
Amaia Izko abokatuak “isunarena gehiegikeria eta oso neurrigabeko zerbait” dela adierazi dio Gara egunkariari. Halako isunak “guztiz ezohikoak” direla nabarmendu du Izkok eta errekusazioak behar bezala argudiatuta zeudela gaineratu du. Abokatuak gaineratu duenez, epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak “gai hori nondik tratatzen ari diren argi eta garbi markatzeko” saiakera da.