Magic Melody ikuskizunak musika eta magia uztartuko ditu

Guaixe 2018ko abe. 21a, 10:42

Haize Berriak bandaren eta Hodei Magoaren ikuskizuna bihar izanen da, 18:00etan eta 20:30ean, Iortian

Magia eta musika. Ilusioa sortzeko bi arte diziplina ezberdin, eta biak batu dituzte Hodei Magoak eta Haize Berriak musika bandak. Bihar, abenduaren 22an, larunbatean, Magic Melody ikuskizuna eginen dute Iortia kultur gunean. Bi emanaldi egonen dira 18:00etan eta 20:30ean.

Hainbat diziplinetako sakanako artistekin fusioa egiteko filosofia aspaldi hasi zuen Haize Berriak bandak. Helburua "artista horiek plazaratzea da, egiten dutena ezagutaraztea", Iosu Rubia Haize Berriak bandako kideak azaldu duen bezala. Bide batez, "zerbait berritzailea egitea gustatzen zaigu", aitortu du Luis Orduña bandako zuzendariak. Bandaren dinamika dela esan du zuzendariak.

Bihar mustuko dute ikuskizuna "bakarra" izanen da. Hortaz, Altsasun bakarrik ikusi ahalko da Hodei Magoak adierazi duen bezala. "Altsasun egiteko prestatu dugu eta ez da berriz errepikatuko". Gainera, Nafarroako "holako ikuskizun bat" egiten dela lehenengo aldia da. Hau da, magia eta zuzeneko musika elkartzen diren ikuskizun bat lehen aldiz eginen da Iortian.

Musika eta magia

Magia eta musika. Biak batera arituko dira biharko Magic Melody ikuskizunean. Orduñaren esanetan: "Ez da inolaz ere Hodei magia egiten egonen dela eta guk bitartean soinu banda jartzen dugula". Baina ez da Haize Berriaren kontzertu bat Hodei Magoaren kolaborazioarekin ere. "Bi diziplinak batera doaz". Hodei Magoak azaldu duenez, biek protagonismo berdina izanen dute, "uztartuko dira", nahiz eta hainbatetan batek edo besteek indar gehiago izanen duten.

Publiko guztietarako ikuskizun bat da. "Batzuetan pentsatzen dugu magia haurrendako dela, eta musika banda helduendako". Baina, ikuskizuneko artistak diotenez, ez da zertan horrela izan behar. Ilusioa duten pertsonendako da. Beraz, "magia helduei gerturatzeko modu oso polita izanen da, eta alderantziz, haur batendako aspergarria suerta daitekeen musika banda beste modu batez erakusteko balio izanen du ere".

5.200 karta egonen dira jokuan ikuskizunean. "Horrek ikuskizunaren handitasuna erakusten du". Formatu handiko magia ikuskizun bat izanen dela azaldu du Hodei Magoak. "Ikuskizun honetarako propio sortutako zenbakiak egin ditut". Haize Berriak bandak ere Magic Melody ikuskizunean estreinatuko dituen abestiak prestatu ditu. Musikaren aldetik "mota guztietako musika" egonen dela adierazi dute artistek: Disney-ko abestiak, Raphael edo Nino Bravo abeslarien kantak arte, musika klasikotik pasatzen. Nahiz eta Eguberrietan egon Gabonetako emanaldi bat ez dela izanen adierazi dute.

Magia asko egonen da, hori bai. "Sorpresa asko egonen dira ere. Musikariek magia eginen dute eta ikus-entzuleak ere ikuskizunaren parte izanen dira".