Sutan dantza taldea agertokiak 'erretzeko' prest

Guaixe 2018ko abe. 21a, 13:31

Gaztea Dantzan lehiaketan parte hartu zuen Altsasuko Sutan dantza taldeak eta entzuleen bozkekin erabakitako saria irabazi du

Nerea Llamas, Leire Bujanda eta Igone Augusto dantzari altsasuarrek osatzen dute Sutan taldea. Gaztea Dantzan Gaztea Irratiaren dantza-bideo lehiaketan aurkeztu dute taldea, nahiz eta aurretik sortu zutela azaldu dute dantzariek. "Hainbat proiektu genituen buruan eta Gaztea Dantzan lehiaketa horietako bat izan da". Bideoa aurkeztu zuten eta entzuleen bozkek erabaki dute Altsasu Sutan bideo hoberena dela. 1000 euroko saria jaso dute.

70 bideo baino gehiago aurkeztu ziren Gaztea Dantzan lehiaketara. Horietatik epaimahaiak 25 finalista aukeratu zituen. Eta Altsasu Sutan finalistetako bat izan zen. Beraz, abenduaren 11an hasi zen Gaztea Irratiaren webgunean bozka emateko aukera. "Lehenengo egunetik indar handiarekin hasi ginen bozkak jasotzen. Baina asate batean dena alda daiteke". Azken unera arte mantendu zen Sutan taldearen bideoa lehenengo posizioan. 880 bozka jaso zituzten, gutxi gora behera.

Dantza garaikidea oinarri dute, "baina hainbat dantza estilorekin uztartzen dugu". Koreografia "indartsua" sortu zuten dantzariek. "Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako Zarata ikuskizunerako sortu genuen eta aurrerago eraman dugu". Musika ere "indartsua" da eta Gaztea Dantzan lehiaketara bidalitako bideoa egiteko bideokliparen antza eman zioten. "Bideoklipean oinarritu ginen eta sua, kea eta beste hainbat elementu sartu nahi genuen bideoan". Bideo ikusgarria egin zuen Dronetik Ariworks-ek. Bideoa egiten "asko busti" zirela eta "gaizki" pasatu zutela aitortu dute, "baina merezi izan du".

Proiektu berriak prest

Koreografia berbera eginen dute Burgosko dantza lehiaketa batean. "Taldea lehiaketa honetan parte hartzeko sortu genuen". Hala ere, Zaratarako sortutako koreografia hori eta Burgosen dantzatuko dutena ez dira berdinak izanen: "koreografia moldatu behar izan dugu txapelketaren oinarriak betetzeko".

Burgosko lehiaketa ez da Sutan taldeak aurreikusten duen proiektu bakarra. Martxoaren 8rako bideo "berezi" bat prestatu nahi dute, eta Dupla musika taldearen bideoklipa prestatzen ari dira ere. "Haiek abestuko dute eta guk dantzatu". Bideokliperako bidea hartu du Sutan taldeak.

Dantza-bideo lehiaketa berezia izan da taldearendako, izan ere, lehenengo proiektua izan da eta taldeari izena eman diona da: "asko kostatu zitzaigun izena aukeratzea eta grabaketan suak garrantzia handia zuela ikusi genuen. Giorari indarra ematen zion, eta su hori presente zegoenez Sutan deitzea erabaki genuen".