Koloreen dantza bizia

Guaixe 2019ko urt. 11a, 10:26

Dantzarima dantza konpainiako eta Milakolore elkarteko dantzariek emanaldi koloretsua eta hunkigarria eskaini zuten abenduaren 26an 'Milakolore Dantzan' ikuskizunean

Dantza hizkuntza unibertsala izan zen, eta agertokira atera ziren dantzari bakoitzak sentimenduak, estiloak eta bere gaitasunak eta desgaitasunak azaleratu zituzten. Hainbat dantza estilo uztartu zituzten emanaldian: lirikoa, hip hop, garaikidea, modernoa... baina dantza gutxienekoa izan zen.

Koloreak izan ziren nagusi. Den dena neurtua eta prestatua zegoen: jantzitegia, makillajea, orrazkerak, eszenografia... Iortian kolore leherketa bat izan zen, festa handi bat bihurtu zena. Une hunkigarriak bizi izan ziren, baita barregarriak ere. Garrantzitsuena bukatutakoan agertokiaren gainean egondako 30 dantzari baino gehiagoren irribarrea izan zen. Baita ikus-entzuleen amaierako irribarreak ere. Izan ere, Milakolore dantzan ikuskizunean dantzari bakoitza desberdin eta berezia zen.

Dantza konpainiako eta elkarteko kideak ez ziren bakarrik egon, izan ere, elkarteko boluntarioak ere dantzari bihurtu ziren.

Argazkiak: Fernando Moreno.