Dantzarimako eta Milakoloreko dantzarien ikuskizuna

Guaixe 2018ko abe. 24a, 11:04
Dantzarima konpainiako eta Milakolore elkarteko kideak entseguan. UTZITAKOA

'Milakolore Dantzan' ikuskizuna izanen da abenduaren 26an, asteazkenean, 19:30ean, Iortia kultur gunean

"Milakolore Dantzan ikuskizunean koloreak eta bakoitzak barruan duen esentziak uztartzen dituen ikuskizun bat da". Irantzu Gonzalez Dantzarima dantza konpainiaren zuzendariak Milakolore elkarteko kideen "artea" plazaratzea garrantzitsua dela azaldu du. Asteazkenean, abenduaren 26an, 19:30ean, kanporatuko dituzten "barruan dituzten koloreak". Iortia kultur gunean izanen da emanaldia.

Milakolore elkartea behar bereziak dituzten pertsonen elkarte bat da. Urteekin "kuadrilla bat" bihurtu da, Virginia Ruiz de Egino elkarteko zuzendariaren esanetan. Milakolore eta Gonzalezen arteko harremana aspaldi hasi zen, izan ere, dantzariak Maite Leon dantza eskolan psico ballet ikasketak egin zituen Madrilen, eta Sakanara itzuli zenean elkartean boluntaria izan zen. Hortaz, elkarteko kideek "barruan zuten artea" ezagutzen zuen. "Dantza konpainia zegoenez aurrera egitea erabaki genuen". Dantza "transmisio" eta "komunikazio askerako" tresna bat da.

Dantzarima dantza konpainiaren eta Milakolore elkartearen arteko elkarlana aspaldi hasi zen, Dantzarimak Sustraiak ikuskizuna egin zuenetik, hain zuzen. Ikuskizun honetan elkarteko hainbat kide ateratzen ziren koreografia bat egiten. Izar hautsa konpainiaren bigarren ikuskizunean errepikatu zuten. Oraingoan, guztiak dantzariak direla erakutsiko dute, eta agertokian presentzia berdina eginen dute. Gainera, "bizitza duen ikuskizun bat da eta ikus-entzuleak hunkituko dira".

"Festa bat egin nahi dugu Iortian". Hortaz, sorpresa eta emozioz beteriko emanaldia izanen da Milakolore dantzan. "Elkarrekin dantza konpainia erraldoi bat garela erakutsi nahi dugu". Eta handia izanen da, izan ere, 30 dantzari baino gehiago egonen dira agertokiaren gainean. Gainera, Milakolore elkarteko boluntarioak ere egonen dira agertokiaren gainean.

Entseguak "benetan ziragarriak" izaten ari dira. "Desgaitasun edo dibertsitate funtzionala duten pertsonekin lan egitea berezia da". Dantzarimako dantzariak eta Milakoloreko kideak "bere guztia" ematen ari direla azaldu du koreografak. "Bakoitzak bere gaitasun eta desgaitasunarekin". Negarrak, irribarreak, besarkadak... sentimendu asko batzen dira entseguetan. "Bizitza beste ikuspuntu batetik ikusten ari gara. Zoriona, azken finean". Ilusio eta entrega handiarekin sortutako ikuskizun bat da. Gonzalezek dantzarien, elkartekideen eta boluntarien "entrega eta ardura" eskertu nahi du.

Dantza estilo asko uztartuko dira ikuskizunean: hip hop, garaikidea, modernoa... Hala ere, dantza gutxienekoa izanen da.