Joseba Salegi zinemagileak Altsasuko Arte Azokarako sortu zuen En el laberinto de los Dioses film laburra. Baina ez zuen bukatu. "Azoka izan zen motibazioa. Baina amaiera falta zitzaion". Hortaz, Azoka amaituta lanean jarri zen eta film laburrari "herri" bukaera eman dio; hasieratik nahi zuen bezala.
En el laberinto de los Dioses film laburrean Salegik Altsasuren kontakizun "kontzeptuala" egin du. Bi pertsonai ateratzen dira: Momotxorroa eta Greziako gerlaria. Bien arteko eztabaida bat ematen da, eta "gazteen kontakizunaren gerturatze bat" dela dio Salegik. Greziako tragedia erabili zuen zinemagileak, "gure kultur nagusiaren oinarria" delako.
Ipuin klasikoan "herria" sartzea falta zitzaiola esan du Salegik: "literatura klasikoan bezala koroaren bidez agertu behar zen herria". Beraz, film laburra amaitzeko Erkudengo Ama Abesbatzaren laguntza izan du. Abesbatzak interpretatzen duen lana Luis Orduña Haize Berriak bandako zuzendariak konposatu du. "Film laburra borobildu dut".
Pantaila handian ikusteko film laburra sortu du, beraz, Salegik: "ikus-entzuleak kontzeptu zinematografikoan ikustea nahi dut". Arte Azokarako sortutako lana "bisualki" antzekoa den arren, bertsio berria "emozionalagoa" dela dio. Abesbatzak ematen dio emozionaltasun hori, film laburraren zuzendariaren arabera. Musika pertsonaien monologoa egiten den bitartean entzuten da, eta inpaktu handia lortzen dela adierazi dute parte hartzaileek. Entzulearengan harridura eta emozio ezberinen nahasketa hunkigarria areagotzea du helburu musikak.
"Hasieratik ari naiz laguntza eske, elkarlanean zerbait egiteko prest. Jendeari film laburra ikusteko eskatzen nien, eta gero komentatzeko". Inma Arroyo Erkudengo Ama Abesbatzako zuzendaria izan zen film laburra ikusi eta parte hartzeko prest agertu ziren abesbatzako hainbat kide; hasieran zer egin behar zuten oso ongi ulertzen ez bazuen ere. "Hasieran ez zuten ulertzen egin nahi nuena. Baina bazekiten zerbait ezberdina zela eta parte hartunahi zutela".
Egunean bertan jaso zuten abesbatzako kideek partitura. Orduñaren zuzendaritzapean landu zuten pieza, eta bere indikazioak eta Salegiren iritzi eta iradokizunak jarraituz abestia grabatu zutela azaldu du Puri Altzelai Erkudengo Ama Abesbatzako kideak. Ricardo Areta teknikariarekin grabatu zuten musika. "Oso esperientzia polita eta interesgarria izan da. Esperientzia guztietan beti zerbait ikasten da, eta Luisekin lan egitea oso atsegina eta didaktikoa izan da". Gainera, Salegi bertatik bertara lanean ikustea ere interesgarria izan dela gaineratu du Altzelaik: "bere profesionaltasuna, pertzepzioa eta arreta nabarmenduko nituzke".
Luis Orduñak konposatu du En el laberinto de los Dioses film laburraren bertsio berrian entzun daitekeen "herriaren hotsa". Film laburraren zuzendaria eta Haize Berriak bandako zuzendaria elkartu ziren eta ikus-entzunezko lanaren testuari buelta bat eman zioten, testuz-testu eta Orduñak eskema bat egin zuela azaldu du Salegik. Musika koral garaikidea da Orduñak sortu duena. Disonatziak eta errezitatiboak uztartuz entzulearen arreta, ezustekoa eta emozioa sustatzea du helburu.
"Arrano Beltzari gerturatzen zen zerbait egin nahi nuela esan nion". Baina gerturapen bat baino ez da, Orduñak argitu bezala: "lanek ez dute antzarik. Hasteko luzera ezberdina da. Baina hainbat erreferentzia egiten dio".
Arrano Beltza Agustin Gonzalez Azilu konposatzaile altsasuarraren lan bat da. Gonzalez Azilu musika garaikidearen ordezkari nabarmenetako bat da eta Arrano Beltza lana 51ko belaunaldiaren esperimentu azpimagarrienetakoak da. 1975 eta 1976 urteen artean sortu zuen, Salegik miresten duena: "harriagarria da horrelako lan handi bat garai horretan egin izana". Hortaz, film laburrean "horrelako zerbait jaso nahi nuen".
Gonzalezen lanaren musikaltasuna gustatzen zaio Salegiri: "sa-sa, alsa, doinuak nahi nituen egin film laburrak eskatzen zuelako". Abesbatzako kideek Orduñak prestatutako lana ikusi zutenean "ez zekiten zer pentsatu", baina azkenean abeslariek ongi Salegik lortu nahi zuen soinua lortu zutela azaldu du. "21:00etatik 02:00etara egon ginen grabatzen".
En el laberinto de los Dioses lan berria atzo proiektatu zuten lehenengo aldiz, Iortia kultur gunean, Viudas filmaren emanaldiaren aurretik. Gaur eta igandean, ilbetzaren 18 eta 20, filmaren emanaldiaren aurretik ikusteko aukera izanen da, 22:00etan eta 19:30ean gutxi gora behera. Salegik altsasuarrak "aske sentitzeko" egin du film laburra.
Asteartean, ilbeltzaren 22an, 21:30etik aurrera, ere film laburra proiektatuko dute Altsasuko auziari buruz TV3-k emitituko duen 'Altsasu, ferides obertes' dokumentalarekin batera.