Espainiako Auzitegi Nazionalak zerbitzuz kanpo zeuden bi guardia civili eta haien bikoteei Altsasuko taberna batean egindako erasoak frogatutzat jo zituen eta 2 eta 12 urteko espetxe zigorrak jarri zizkien zortzi auzipetuei udaberrian. Horren inguruko iritzia emanez manifestua plazaratu dute PSNko hainbat kidek, “gizarteak auziaren beste aldea, iritzi desberdinak ezagut ditzan”. Ziurtatu dutenez, “2016ko lastaileko gau hartan gertatutakoa arbuiatzen dugu”, baina auzipetuendako “tratu justua eta berdintasunezkoa” eskatu dute. “Zigorgabetasunik ez, dagoeneko espetxean 26 hilabete daramatzate, baina injustiziarik eta jatorriaren araberako diskriminazio traturik ezta ere”.
Manifestuaren sinatzaileek Justiziaren erabakiekin “begirunetsuak” direla ziurtatzen dute, baina eurendako ezarritako zigorrak “neurrigabeak” dira eta, horregatik, “izan ziren gertakariei dagokien epai proportzionala eta justua” eskatu dute. Idazkia bere egin dutenek diote beti egon direla eta egongo direla indarkeriazko ekimenen kontra, biktimaren ideologia edo lanbidea dela ere.
Idazkiaren sinatzaileek diotenez, “iruditzen zaigu kasu honi eta sartuta dauden gazteei ematen ari zaien tratua antzeko kasuen guztiz desberdina da”. Nabarmendu dutenez, “Estatuan autoritatearen kontrako ehunka eraso izan dira eta batean berean ere ez zigorrak, ez kalte ordainak ezta behin behineko espetxe egonaldia ez dira hain handiak izan”.
Sinatzaileek aitortu dute euren eskaera auzipetuen senideekin bildu eta gero egin dutela. “Horregatik, justizia eta berdintasuna banderatzat duen sozialismo baten militante gisa idazten dugu hausnarketa hau, eurendako ere kontzeptu horiek eskatzeko”. Ziurtatu dutenez, “2016ko lastaileko gau hartan gertatutakoa arbuiatzen dugu. Baina, aldi berean, zigorrak gehiegizkoak direla uste dugu eta, bidegabea deritzogu behin behineko askatasuna ez ematea”.
Zuzendaritza kontra
PSNko zuzendaritza idazkari Ramon Alzorrizek adierazi du militante horiek Altsasuko auziari buruz esandakoa ez dela alderdiaren jarrera ofiziala, “baizik eta adierazpen askatasuna erabiliz adierazitako iritzi pertsonala”. Alzorrizek gogoratu du alderdiak hasieratik salatu zituela bi guardia civilek eta euren bikoteek jasotako erasoak. Aldi berean, “iritziak iritzi” Justiziarendako errespetua eskatu du. Alzorrizek ohartarazi du ez dela kasualitatea erasoa Guardia Civileko kideei egitea. “Altsasuko herritarren zati batek ez dituzte estatuko segurtasun indarrak bertan nahi. Testuinguru hori gabe ezin liteke ulertu gertatutakoa”.
Bestalde, Altsasuko gurasoak taldeko Gotzon Urritzolak eskerrak eman dizkie. “Euren ikuspuntutik azaldu dute Justizia nahi dutela gure gazteendako, Altsasuko herriarendako”.