Altsasuko auzia, atzera ere, Espainiako Auzitegi Nazionalera bueltatuko da, apelazio aretora hain zuzen ere. Ilbeltzaren 23an eta 24an eginen da apelazio auzia. Ordurako Adurrek, Jokinek eta Oihanek espetxean 801 egun eginen dituzte eta Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek 231 egun (2016ko udazkeneko 37 egun egon ziren preso). 2 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak jaso zituzten auzipetuek udaberrian izandako epaiketan. Haien gurasoak epai horrekin ados ez zeudela esan zuten hasieratik. Epaiketa berriaren atean Antxon Ramirez de Aldarekin eta Gotzon Urritzolarekin elkartu gara.
Asteazkeneko eta osteguneko auzi saioetara joanen zarete?
Antxon. Bai, noski. Astearte gauean joanen gara eta asteazkenean han tinko ibiliko gara, entzuten, ikusten. Eta esperantzarekin, ea zer gertatzen den.
Epaiketaren aurretik, zer moduz zaudete?
Gotzon. Beno, ba… Beldurrez. Lehenengo gauza. Bi urte pasa daramagu honetan. Eta benetan ikusita nola joan den prozesu hau bai epaiketaren aurretik bai epaiketaren ondoren, benetan beldurra dugu. Itxaropena, jakina. Zeren gure defentsek oso ondo prestatu eta aurkeztu dute, bai epaiketan bai orain helegiteekin. Itxaropen hori dugu, ea zertxobait on ateratzen den honetan.
Garik kantatzen duen moduan, esperantzara kondenatuta?
A. Ados nago. Horrela bizi dugu. Eta horrela jarraituko dugu bizitzen. Noski.
Eta seme-alabak, zer moduz daude?
G. Jakina denez, presoak Zaballan daude, guztiak elkarrekin. Bisitetan eta aurrez-aurreko bisitetan irmo daudela ikusten dugu. Indartsu. Badakite daukatela herri eta jende askoren laguntza eta elkartasuna. Herriarendako eta jende guztiarendako eskerrak ematen dizkigute beti. Benetan, animoso daude. Gauza asko egiten. Itxaropena ez dute galduko eta ez dute galtzen. Baita ere, haserre daude. Zeren kasu hau berezia da eta injustizia galanta. Haserre daude. Baina irmo, indartsu eta herriarekin. Eta herria beraiekin.
Zein jarrera dute epaiketarekiko? Zer kontatzen dizuete?
G. Momentuz, lasai daude. Zaballatik segituko dute. Defentsak eskatu bezala, ez da lekualdatzerik egin behar. Zer esaten diguten? Gu ere lasai egoteko. Esperantza puntu hori ez da galdu behar. Ea zer gertatzen den. Baita ere, pentsatzen dugu, ez dakigu noiz eta ez dakite noiz, baina justizia egunen batean azalduko dela gure eremuan.
Epaiketa iritsi bitartean, hainbat deialdi egin dituzte.
A. Ostiralero bezala, 20:00etan, udaletxe parean kontzentrazioa egonen da. Epaiketa egunean 800 egun kartzelan izanen dira. Baina, ostiraleroko kontzentrazioak zenbat izanen dira? Zein meritua ostiralero jende asko biltzea. Herria ikusteagatik harro gaude. Hori ikustea handia da, benetan. Gaur, berriro, herriaren indarra jasoko dugu eta hara eramanen dugu, Madrilera. Aprobetxatzen dugu berriro eskertzeko. Eskerrik asko, Altsasu.
G. Apelazio bista honetan herriak nahi du beti gurekin egon. Auzi saioak irekiak dira. Gu han egonen gara eta jendeak nahi badu, hara azalduko da. Beti sentitu dugu herria gurekin dagoela. Herria, benetan, hor dago. Herria udaletxe parean egonen da igandean 13:00etan, Altsasuko herria gazteekin dagoela esateko. Injustiziaren aurrean planto egiten duela esateko. Eta mila esker.
A. Asteartean, 21:30ean, TV3k auziari buruzko dokumentala emanen du. Internet bidez lotu eta Iortia kultur gunean ematea pentsatu dugu. Herriari gonbidapena egiten diogu joateko eta elkarrekin dokumentala ikusteko. (Kultur gunean gonbidapena jaso behar da).
G. Horren aurretik, atzo, gaur eta igandean Viudas filmaren aurretik Joseba Salegiren film laburra ikusteko aukera izanen da. Baita asteartean ere.
Mezua zabaltzeko inurri lana egiten segituko duzue, ezta?
A. Noski. Erakusten da horrela fruituak ailegatzen direla. Gure lana horrela da. Eta horrela jarraitu behar dugu, zeren Justizia da eskatzen duguna. Eta bide hori irekiko dugu. Ziur.
G. Inurri lana da. Baina beti gurekin herriaren hego zabalak elkartasuna ematen dauzkagu.