Hizketan

Altsasuko auzia. Bigarren epaiketa

Guaixe 2019ko urt. 22a, 18:48

2016ko ferietan Altsasun izandako liskarra udaberrian epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gurasoek esana: “epaiketa irabazi genuen, epaia galdu”. Azken hori zuzentzeko apelazioak aurkeztu zituzten aldeek eta heldu den astean aztertuko ditu epaimahaiak.

Altsasuko auzia izenez ezaguna den kausa bihar eta etzi, atzera ere, Espainiako Auzitegi Nazionalera bueltatuko da. Bihar Adurrek, Jokinek eta Oihanek espetxean 801 egun eginen dituzte eta Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek 231 egun (2016ko udazkeneko 37 egun egon ziren preso). 2 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak jaso zituzten auzipetuek udaberrian izandako epaiketan. Eta hura izan zen eraikin berrira bueltatzen den kausa eta horren inguruko argibideak jasotzeko Amaia Izko abokatuaren atean jo dugu.

Lehen epaiketaren ondoren zergatik bueltatzen da Altsasuko auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera?
Lehen instantziako epaitegi batek epai bat egiten duenean bigarren instantzia batek ikuskatzeko eskubidea dagoelako. Hori da, hain zuzen, apelazio baten bidez saiatzen dena. 2015era arte ez zen horrela, legeak ez zuelako aurreikusten Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretorik. Orduan, Auzitegi Nazionalak ebazten zituen epaiei helegiteak zuzenean Auzitegi Gorenarenean jarri behar ziren kasazio helegite baten bidez. 2015etik aurrerako kausetarako aldatu da eta horietako bat da Altsasuko auzia. Beraz, 1. sekzioak emandako epaia errekurritu behar izan dugu Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren aurrean.

Zein izanen dira epaileak?
Berez, propio izendatutako apelazio areto bat da eta hor hiru epaile daude. Eloy Velasco orain arte Auzitegi Nazionalean instrukzio epaile izan dena. Enrique Lopez Lopez Auzitegi Nazionalean egondakoa da. PPk Konstituzio Epaitegirako magistratu izendatu zuen eta hara joan zen. Han kargugabetu zuten eta Auzitegi Nazionalera bueltatu zen. Jose Ramon Navarro da hirugarren epailea, txostengilea. Epaile berria da, orain arte ez da Auzitegi Nazionalean aritu.

Esan beharra dago tribunal honekiko izan dugun hasiera ez dela oso egokia izan. Formalki jakinarazi ziguten beraiek instantziako epaileen modura haiek ere Guardia Civilak kondekoratuta zeudela. Horrek errekusazio bat aurkeztera behartu gintuen. Errekusazioa atzera botatzeaz aparte, akusatuei 3.600 euroko isuna jarri diete errekusazioa aurrera eramateagatik. Hasiera ez da sobera ona izan.

Zein izanen da fiskaltza?
Lehen instantzian izan dugun fiskal bera izanen da, Jose Luis Peral.

Zein izanen dira akusazio partikularrak eta herri akusazioak ?
Berak. Bai batzuk bai besteak ez zuten helegite propiorik aurkeztu, baina fiskaltzak aurkeztutako helegiteari atxikitu ziren. Berez fiskalaren termino beretan errekurritzen dute. Akusazio partikular gisa daude Estatu Abokatua, bi guardia ciliven izenean, eta Jaime Zuza abokatu nafarra, guardia civilen bi bikotekideen izenean. Akusazio partikular moduan Covite (Ruben Mugika) eta Asociacion Unificada de Guardias Civiles daude.

Abokatu berak arituko zarete?
Bai, logikoena hori da eta kasu honetan horrela mantenduko da. Jaione Carrera, Jose Luis Galan, Eva Gimbernat, Jaime Montero, Manuel Olle Sese eta Amaia Izko.



Aurreko epaiketan bezala, honetan ere begiraleak izanen dira?
Amnesty Internationalek aurrekoan begirale batzuk bidali zituen. Oso modu argian ondorioztatu zuten han epaitzen zena ez zela inondik inora terrorismoa eta frogek ez zutela horrelakorik plazaratzen. Giza eskubideen aldeko beste erakunde batzuk ere gertutik jarraitu zuten epaiketa, esaterako, Fair Trails Europako Giza Eskubideen elkartea. Guk bi elkarte horiekin kontaktua izaten  jarraitu dugu, eta giza eskubideen aldeko beste elkarte batzuekin ere. Baina, momentuz, inork ez digu konfirmatu epaiketara zuzenean behatzailerik bidaliko duenik. Dakiguna da arreta handiz eta gertutik jarraitzen dutela prozedura hau. Jarraitu zuten lehenengo instantzian eta apelazioan eta gainontzeko helegiteetan ere.

Auzipetuek San Fernando de Henaresko auzitegian egon beharko dute?
Kasu honetan eskatu dugu saioak bideokonferentziaz jarraitzea. Apelazio bat denez, berez inork ez du eskatu. Eta eskatuz gero ez dut uste onartuko zenik. Legeak ez du aurreikusten akusatuak, kasu honetan zigortuak (zigorra irmoa ez bada ere), hitza hartzea. Beraz, eskatu genuen ekiditeko eurendako traba izan daitekeen lekualdatze luze eta gogaikarri bat. Gainera, haiek, justu, azterketak egin behar dituzten momentuan dena. Bideokonferentziaz jarraitzeko eskatu genuen eta onartu ziguten. Ainararendako gauza bera eskatu genuen, lanean dagoelako eta bere lanerako traba ez izateko. Preso dauden mutilek epaiketa Zaballako espetxetik jarraituko dute eta Ainarak Iruñeko epaitegitik.

Apelazio epaitegian da auzia. Zer da zehazki apelazio auzitegi bat?
Esan bezala, kasu honetan apelazio auzitegi hau berria da. Epaitegi arruntetan apelazioak Lurralde Auzitegiak aztertzen ditu. Auzitegi Nazionalaren kasuan berezko areto hau sortu dute. Oso auzi gutxi aztertu ditu orain arte. Ez dago jakiterik zein diren  bere lerro nagusiak. Baina Auzitegi Nazionaleko areto bat da. Sistema horren barruan sartuta dago eta Auzitegi Nazionalak eskaintzen dituen berme berak eskaintzen ditu. Alegia, oso berme gutxi. Auzitegi Nazionala den moduan, beldur gara beste epaimahai politizatu, mediatizatu eta bideragarri bat izango ote den.

Zer dira apelazioak?
Apelazio batean egiten dena da zalantzan jarri epaiak jasotzen dituen egitateak edo lege-argudioak. Jada ez da lehenengo epaiketan bezainbeste eztabaidatzen frogen inguruan edo frogen balorazioaren inguruan, edo auzitegian ikusi edo planteatu diren gauza guztien inguruan. Baizik eta epaiak jasotzen dituen baieztapenen inguruan.

Kasu honetan zalantzan jartzen da modu orokorrean froga nahiko eta froga sendorik ote dagoen jasotzeko epaiak jasotzen duen egitateen kontakizuna. Epaiak baloratzen dituen frogak, alegia, deklarazioak eta bideo horretan oinarrituta egiten duten kontakizuna egingarria den ala ez. Hori da modu orokorrean guk planteatzen dugun eztabaida bat, alegatzen dugun zerbait. Gero, kasuan kasu aztertzen da bakoitzari zer frogarengatik leporatzen dioten parte hartze zuzena. Hori ere zalantzan jartzen da. Froga nahikoa ote dagoen hori oinarritzeko kasu bakoitzean. Alegazio anitzak dira baino denek helburu bera dute.

Gero planteamendu teknikoago batzuk daude non argudiatzen dugun sartu dizkieten astungarriak juridikoki ezin direla aplikatzen dituzten moduan aplikatu. Batez ere diskriminazioarena, taldean aritzearen abusuarena. Eta gero, planteatzen dira beste zera juridiko batzuk egiten dituzten lege kalifikazioen inguruan. Lesioak ere zalantzan jartzen dira. Benetan ote diren delitoa edo gauza arina…

Denetariko alegazioak egiten dira, zalantzan jartzeko bai egitateen kontakizuna baita alegazio juridiko eta lege kalifikazioa ere. Argudiategi eta kalifikazio juridikoa.  

Zein da fiskaltzaren eta, beraz, akusazioen apelazioaren zentzua?
Egitateak terrorismotzat kalifikatu behar dira. Hori da fiskalak planteatzen duen gauza bakarra. Berriz ere argudiatzen du epaiketan argudiatu zuen gauza bera. Alegia, Altsasun gertatutakoa ez zela berez gertatu zena, baizik eta aldez aurretik prestatutakoa eta planifikatutakoa. Alde Hemendik kanpainaren barruan. Alde Hemendik kanpaina hori ETAk martxan jarri zuela eta ETAk sustatu zuela. Azken finean, ETAren estrategiaren parte bat dela.

Berriz ere hori argudiatzen du. Epaiak jasotzen du egitateak zio ideologiko batengatik egin direla eta horretan oinarritzen da. Eta hori terrorismotzat hartu behar dela dio. Zio ideologiko-politiko hori egoteak berak terrorismoarekin identifikatzen du. Lehen instantzian planteatzen dituen argudio berak planteatzen ditu. Gehi esan dizudan hori: zio ideologiko-politikoa berdin terrorismoa. Argudiatzeko egitate hauek terrorismoa direla.

Guk horren aurrean ere alegazioak egin ditugu. Esaten dugu terrorismo kontzeptu hori berak defendatzen duela, baina nazioarteko kanonek eta Espainiako legediak ez dutela inondik inora horrela ulertzen terrorismo delitua. Eta esaten diogu bere planteamendu horrek onartu behar dituela epaiak jasotzen dituen egitateak eta berak egitate horiek aldatu nahi ditu. Legeak dio hori fiskal batek edo akusazio batek apelazio batean ezin duela egin.

Lehenengoa entzun genuen epaiketan, baina fiskaltzaren bigarren argudio hori azpimarratu nahi nuen. Bigarrena oso azpimarratzekoa iruditzen zait, zio ideologiko-politikoarena. Berez, baieztapen oso sakona, zuzenbidearen oso kontra eta, nire ustez, oinarri demokratikoen kontrakoa da. Hori da, momentu honetan, Auzitegi Nazionaleko fiskaltza une honetan defendatzen ari dena, oso gauza arriskutsua.

Beste gauza bat da guk defendatuko dugula hau berez gertatu zela eta ez zeukala zio politikorik, baina epaiak baietz dio, bazuela.

Lehen epaiketara joan aurretik abokatuek salatu zenuten makina bat proba atzera bota zizkizuetela. Horren inguruan iritzia eman beharko du epaimahaiak?
Iritzia eman baino, epaimahai honek egin izan duena da froga horien zati handi bat onartu. Orain apelazioen erregulazio berriak aukera gehiago ematen ditu planteatu ahal izateko apelazio instantziaren aurrean froga. Kasu zehatz batzuetan. Eta kasu horietako bat da froga horiek lehen instantzian onartu ez badizkizute. Hori erabilita, orain apelazio aretoak onartu ditu aldez aurretik planteatutako eta ukatutako zenbait froga. Batez ere lekukoak. Zenbait dokumentu ere, baina gutxi. Batez ere lekukoak. Gogoratu behar da Jon Anderren eta Julenen kasuan beraien defentsak aurkeztutako lekuko gehienak ukatu zituztela, argudiatu gabe, besterik gabe ukatu zituzten.

Horiek apelazio aretoak onartu ditu eta 23an eta 24an eginen dena izanen da, batez ere, froga horiek egin eta horien inguruko balorazioa. Ikusi dute gabezia hori. Egia delako lehenengo tribunalak froga horiek ukatu zituela argudio sendorik eta juridikorik gabe. Hori konpontze bidean apelazio aretoak frogak onartu ditu. Eginen dira eta gero nahi dituen moduan baloratuko ditu. Deitu duten bista, batez ere horretarako da.

Nola daude egituratuta epaiketako bi saioak?
Ez dakigu. Auzitegi Nazionalean azaldu digutenez, frogarena eginen da. Lekukoekin hasiko gara, haien deklarazioekin. Abokatuok eta akusazioek, denok dugu, nahi izanez gero, galderak egiteko eskubidea. Eta gero eginen da froga horren emaitzaren gaineko balorazioa, abokatuen eta akusazioen partez. Printzipioz hori izanen da dena. Ez dakigu, beraz, aurreneko saioan edo bietan eginen den, edo nola eginen den.

Epaia noiz etorriko litzateke?
Ez dakigu. Legediak ez du eperik zehazten.

Epaia iritsi bitartean presoak aske gelditzeko aukera legoke?
Aukera egonen litzateke, noski. Baina, momentuz, ez dugu elementurik hori gertatuko denik pentsatzeko. Askotan eskatu dugulako askatasuna eta behin eta berriz ukatu digutelako. Baina ikusiko balute norbait absolbitzeko aukera handia, logikoena litzateke ahalik eta azkarren askatzea.

Espainiako Auzitegi Nazionala utzita, esan duzu kasazio helegitea aurkeztu daitekeela Gorenean. Eta gero zer?
Konstituzio Auzitegia eta Estrasburgoko Auzitegia. Espero dezagun iritsi behar ez izatea. Baina, hori da, ikusten ari garena, horra iritsiko garela azkenean.