"Auziperaturikoendako askatasuna da onargarri den bakarra"

Guaixe 2019ko urt. 20a, 15:42

Altsasuko auziaren bigarren epaiketaren atarian, Altsasukoak Aske herri plataformako kideek hala adierazi dute gau. Auzipetuetako zazpi espetxean luze egoteaz: “lotsagarria benetan Eskubidezko Estatuan sinesten duen edonorendako”

Altsasuko auziko epaiari aurkeztutako apelazioak Espainiako Auzitegi Nazionalak aztertuko ditu asteazkenean eta ostegunean. Altsasukoak aske herri plataformak deituta 300 bat altsasuarrek agerraldia egin dute gaur. Adierazi dutenez, "ez dugu zalantzarik. Ikuspegi objektibotik eta errealitateari so eginez, auziperaturiko lagun guztien askatasuna da onargarri den erabaki bakarra".

Eta gaineratu dutenez: "gizarteak emandako erantzun anitza, zabal eta irmoak erakusten digu, ez duela sinistu eraiki duten kontakizuna". Gaztigatu dutenez, "herri hau erne egon da, dago eta egonen da. aktibo izanen da kapitulu berri honen aurrean. Altsasuko herriak auziperatuen askatasuna onartuko du bakar bakarrik". Azkenik, "herri gisan, gizarte osoari dei egiten diogu erne egoteko datorrenaren aurrean".

Auzia
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoan izanen da epaiketa, “salbuespenezko epaitegian, berezko epailea Nafarroari zegokion, Lurralde Auzitegiak berak eskatu bezala”. “Altsasuko gazteen aurka lotsagabeki ezarritako epaiari” aurkeztu diren apelazioak aztertu dira. “Akusazioak 62, 50 eta 12 urtetako kartzelaldia eskatuko dute”. Plataformako kideek esan dutenez, “epaiketan argi geratu zen akusazioaren tesiak ez duela ez buru ez hanka. Eraiki duten kontakizunak helburu argia du; horrela bakarrik uler daiteke defentsari jarritako trabak, polizia txostenak deklarazioak hartu aurretik eginda, frogak ukatzea, zuzendutako identifikazio saioak, sinatu gabeko deklarazioak, frogagarriak diren bideoi kasurik ez egitea… ” Defentsak, berriz, absoluzioa eskatuko du.

Altsasukoak Aske herri plataformako kideek azaldu dutenez, “prozesu hau guztia hasieratik bulkatu duena, ez ziren gertakariak ezta errealitatea, horiek erabilera politikoa baizik”. Gogorarazi dute 2016an 9.000 antzeko gertakari baino gehiago izan zirela eta Altsasukoa estatu arrazoi bihurtu dena. “Argi dago auzi hau erabiltzen ari direla egoera politikoan eragiteko eta, bide batez, gu kriminalizatzeko, horretarako gure gazteen bizitza izorratu behar bada ere”.

Azkenik, epaiketaren aurretik epaile ezespenekin gertatutakoa “lotsagarritzat” jo zuten plataformako kideek: “epaileek Guardia Civilarekin dituzten harremanak nonahi agertzen dira auzi osoan; akusazio gisa, ikertzaile gisa, azkenik, epaile gisa. Zentzugabekeria horren egile nagusia, alegia. Halako, inpartzialtasunari jarritako ezespena, arbuiatua izateaz aparte, 3.600 euroko isuna jarri zuten. Berriz ere lotsagarria Eskubide Estatuan sinesten duen edonorendako”.