Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Altsasuko auziari buruzko erakunde adierazpena onartu du gaur. Han jasoa gelditu denez, Nafarroako Parlamentuak “ezinbestekotzat jotzen du epaitegi prozesu guztietan justizia eta proportzionaltasuna presente egotea, baita 2016ko lastailaren 15ean Altsasun izan ziren gertakarien ingurukoan ere, zeina aste honetan Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoan berraztertuko den”.
Horrekin batera, “zenbait sektore politikok auzi horren kontura Altsasuko herriari ezarri dioten eta ezartzen segitu nahi dioten instrumentalizazioa eta manipulazioa” “irmoki” salatu ditu Nafarroako Parlamentuak. Azkenik, erakunde adierazpenaren bidez Parlamentuak “Altsasuko herriari babes osoa” azaldu dio eta “bi urte horietan altsasuarrek elkarbizitzaren, normalizazioaren, justiziaren eta proportzionaltasunaren alde izan duten jarrera zibikoa eta eredugarria” aitortu du, “horrela lan egiten segitzeko” animatuz.
Erakunde adierazpenaren alde gobernuari eusten dion laukoak bozkatu du. UPNk eta PPk kontra bozkatu dute eta PSN bigarren puntuaren aldeko botoa eman du eta aurrenekoaren eta atzenekoaren kontra.