Ilbeltzaren 8an izan zen estreinakoa eta pasa den ostiralean atzena. Hamar egunetan bitan jo dute Altsasuko Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) batzokiaren kontra. Bietan ere okupazioaren eta Maravillas gaztetxearen aldeko aldarriekin. Pasa den astean batzokiko atea porlanezko adreiluz itxi eta paretan okupazioaren aldeko ikurrekin batera “Uxue, utzi gaztetxeak bakean. Tapiar vuestros batzokis” pintaketa egin zuten. Altsasuko EAJk “erasoa irmoki gaitzetsi” du. Jeltzaleek adierazi dutenez, “eraso horrek gure alderdiaren eta honen parte diren gizonezkoen eta emakumezkoen kontra dagoen jazarpena agerian uzten du”. Eta gaineratu dutenez, “gure gizartean intolerantzia eta behartzea tokiz kanpo daude”.
Nafarroako EAJk erasoa “faxistatzat” jo zuen. Geroa Baik, bestalde, erasoa salatzearekin batera esan zuen: “jarrera onartezina da, ez doana soilik gure koalizioaren kontra, baita aldaketaren kontra ere”. EAJk jakinarazi duenez, gertakaria Foruzaingoan salatu du.