Eguneko albisteak

“Lehen epaiketan erakutsitako ildoa indartuko dugu”

Guaixe 2019ko urt. 23a, 12:25

Bel Pozuetak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) argitu duenez, gaurko epaiketa saioan lehenik sei lekukoek euren testigantza emanen dute eta froga berriak aztertuko dira. “Eta badirudi, agian, goiz osoa emanda gaur bukatuko dela. Baina hori ikusteko dago”.

Aurreko epaiketan lekukotza eman ezin izan zuten Jon Anderren eta Julenen sei lekukok (lau gizonezko eta bi emakumezko) euren testigantza emanen dute. Gainera, Oihanek hainbat dei borratu zituela ziurtatzen da eta hark deitutako telefono zenbakien fakturak aurkezteko aukera du orain bere defentsak. Azkenik, Espainiako Gobernuak EH Bilduko Jon Iñarritu senatariari emandako erantzun bat ere epaimahaiak froga gisa onartu du. Gazteak zigortu zituen epaimahaiko buru Concepcion Espejeli Guardia Civilak emandako dominaz galdetu zuen Iñarrituk.  

Epaimahaiak lekuko eta proba berriak onartu izanak Altsasuko Gurasoak taldeko kideendako adierazten du “Jon Anderren eta Julenen defendatzeko eskubidea ez zela bere garaian bete. Eurek eskubide hori murriztua izan zuten, orduan ez lekukorik ez frogarik ez baitzitzaien onartu. Orain batzuk onartu zaizkie, baina ez denak”. Epaimahairen onarpen horri “ongi etorria” egin diote gurasoek. “Epaiketan argi geratu zen bai lekukoek bai frogek zein argi erakusten zuten hau guztia muntaia bat zela. Argi eta garbi ikusten zen, gainera, guardia civilen aldetik eta euren lagunek aurkezten zuten kontakizuna ez zeukala oinarririk. Gaurkoarekin ildo hori indartuko da. Nik uste dut, berez, gauza berririk ez dela azalduko. Lehen erakutsitakoa indartzea”.

Hala ere, epaitegirako bidea “beldurrez” egin dute gurasoek: “beldurra, badakigulako Auzitegi Nazionala salbuespeneko epaitegia dela. Badakigu aurretik frogak eta lekukoak erakutsita ez zutela kasurik egin, ez zituzten kontutan hartu eta eman zuten epaiak Guardia Civilaren kontakizuna indartu zuen”. Beldur badira ere, “aukera bat ikusten dugu, benetan auzi honekin zuzenketa bat emateko, gure sufrimenduarekin eta bi urte luze hauetan bizi izan dugun injustiziarekin bukatzeko. Borondatea baldin badago”.

Altsasu Gurasoak taldeko kideak Madrilgo egonaldia epaiketan egoteko baino gehiagorako baliatuko dute. Pozuetak jakinarazi duenez, arratsaldean hainbat hitzordu dituzte, hedabideekin batez ere, “gure injustizia eta kontakizuna zabaltzeko”. Eta “gure lana egiten segitzeko”, biharko hainbat politikarirekin elkarrizketak lotu dituzte.

Auzipetuek Zaballako espetxetik eta Iruñeko espetxetik bideokonferentzia bidez epaiketa segitu behar dute. Teknika arazoak izan dira eta aretoz aldatu ondoren, 10:45 aldera sartu dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko epai-gelara.



Dokumentalaz
TV3ko Altsasu, zauri irekiak dokumentala ikusteko aukera izan zuten Iortia kultu gunea bete zuten altsasuarrek. Baita Madrilen zeuden auzipetuen gurasoek eta Pozuetak esan duenez, “oso ekarpen aberatsa izan dela, ikuspuntu zabaletik. Orain arte informazio gutxi zeukana edo partziala zuena, nik uste laguntzen duela argazki osoa ateratzen. Dokumentalaren aitzakiarekin Altsasu Gurasoak taldeko bi kide Bartzelonan izan ziren atzo: “ikusi genuen aukera polita zela, berriro ere, Katalunian gure kontakizuna partekatzeko. Eta, aldi berean, euren sostengua eta elkartasuna eskertzera joan ziren. Elkar truke bat dago. Dokumentalaren gaia zabaldu behar zela ikusten genuen”.

Dokumental hori ETB2 igande gauean emanen du eta Zaballan preso dauden zazpi auzipetuek ikusteko aukera izanen dute. Pozuetak esan duenez, “eurek interes handia dute. Nik atzo ikustean, oso ondo. Ikus dezaten nola dagoen kokatuta, gizartearen erantzuna zein izan den, noraino ailegatu garen. Bestalde, suposatzen dut haiendako gogorra izanen dela ikustea, adibidez, nik ikusten nuena: Jokinen amona, nire aita… Aiton-amonak, zein gogorra beraiendako. Eta nola dauden beraiek borrokatzen ere”.